Azkuna Zentroak "The Artwork as a Living System" aurkeztu du, arteari eta naturari buruzko hausnarketa interaktiboa
- Laurent Mignonneauk eta Christa Sommererrek, interfazearen artean aitzindariak, osatutako bikote artistikoaren lana biltzen du erakusketak
- The Artwork As a Living System 18 instalaziok osatzen dute. Lan gehienak interaktiboak dira eta gure erabakiek ekosistemetan duten eraginari buruzko hausnarketa sustatzen dute
- Erakusketa gaur irekiko da (Erakusketa Aretoa, 19:00etan). Aurretik, Laurent Mignonneau eta Christa Sommererek artea eta teknologiaren inguruko elkarrizketa bat izango dute Josu Rekalde artista euskaldunarekin (Auditorioa, 17:30etan)
- Laurent Mignonneauk eta Christa Sommererrek erakusketaren bisita gidatua egingo dute bihar, otsailak 8, osteguna, arratsaldeko 18:00etan. Sarrera doakoa da webgunean edo AZ Info-n izena emanda
- The Artwork As a Living System maiatzak 26ra arte ikusi daiteke Erakusketa Aretoan
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak 2024ko erakusketa-programazioa ireki du The Artwork As a Living System erakusketarekin. "Interfazearen artean" aitzindari izandako Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau artisten lana erakusten du.
Gaur goizean Azkuna Zentroan egin den aurkezpenean, Fernando Pérez, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko zuzendariak; Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau, erakusketako artistak; eta Genoveva Rueckert-Sommerauer, Linzeko OÖ Landes-Kultur GmbH-ko arte komisarioa. Sandra Rikic eta Maritza Leal, Voloteako komunikazio-taldeko kideak, ere bertan izan dira.
Erakusketa gaur arratsaldeko 19:00etan zabalduko da Erakusketa Aretoan. Aurretik, 17:30etan, Auditorioan, Christa Sommerer eta Laurent Mignonneauren eta Josu Rekalde artista euskaldunaren (frantsesez eta aldi berean gaztelaniara eta euskarara itzulita) arteko topaketa publikoa izango da. Sarrera doakoa da azkunazentroa.eus/AZ Info webgunean izena eman ondoren, lekua bete arte.
Gainera, bikote artistikoak bisita gidatua eskainiko du bihar, otsailak 8, osteguna, erakusketako lanak azaltzeko. 18:00etatik aurrera izango da, ingelesez. Sarrera doakoa da azkunazentroa.eus / AZ Info webgunean izena eman ondoren, lekua bete arte.
The Artwork As a Living System erakusketak bizitza artifizialeko sistemen ia hogeita hamar urteko ikerketaren eta garapenaren historia kontatzen du. Kodeek eta gizakiaren esku-hartzeak eragina duten ingurune interaktiboetan erreproduzitu dira.
Proiektuak artea eta natura lotzen ditu proiektu birtual, sentikor eta interaktiboetan erabiltzen diren teknikarik berritzaileenekin. Christa Sommererrek eta Laurent Mignonneauk sistema ireki gisa planteatzen dute artea, eta sistema horretan "sorkuntza ez da ulertzen artistaren barne-sormenaren edo asmamenaren adierazpen gisa, baizik eta prozesu intrintsekoki dinamiko bihurtzen da, interakzio-parametroetan eta obraren irudiaren bilakaera-prozesuetan oinarritzen dena".
Erakusketa 18 lanek osatzen dute, horietako asko instalazio interaktiboak, non publikoak naturarekiko harremana "gorputzez" sentitzen duen eta edozein erabakik, txikia edo indibiduala izan, ekosisteman aldaketa handiak nola eragin ditzakeen jabetzen den. Multimedia artelanak dira, aurkikuntza zientifikoetan oinarrituak, eta landareen hazkuntza edo ordenagailuz sortutako izaki txikien portaera esploratzeko aukera ematen dute —hala nola euli eta kakalardoena— eta ekosistema konplexuetan integratzeko ere bai. Instalazioek sistema bizidunak simulatzen dituzte, haietan, landare batzuk ukituz, idazmakina batean tekleatuz edo pantaila baten aurrean mugituz eraldaketak sortzen baitira espazio digitalean.
Esperientzia artistiko honek zientziaren eta teknologiaren arlo desberdinei dagozkien kontzeptuak lotzen ditu: fisika kuantiko eta sistema konplexuen teoriatik hasi, eta genetika molekular, nanozientzia eta bizitza artifizialeraino.
Hiru hamarkadatan zehar, bikote artistiko honek mugarri teknologikoak eta haien eragin sozial eta ekonomikoa, teknologia mugikorraren garapena edo adimen artifizialaren aplikazioa txertatzen jakin du. Oro har, The Artwork As a Living System exposaketak aukera ematen dio bisitariari naturarekiko harremana gorputzez sentitzeko, ingurune naturalak esploratzera eta haiekin elkarreraginean aritzera eta espazio digitalean haien eraldaketan parte hartzera gonbidatzeko.
Alemanian (ZKM — Karlsruhe-ko Arte eta Hedabideen Zentroa), Austrian (Linz-eko OÖ Landes-Kultur GmbH) eta Belgikan (Bruselako iMAL – Art Center for digital cultures & technology) ibili ondoren, Sommerer-ek eta Mignonneauk Azkuna Zentroaren Erakusketa Aretoan aurkeztuko duten erakusketa-proiektuak, Voloteak babestua, beren lanaren alderdi nagusia islatzen du: artelanek sistema bizidun modura jokatzen dute, bizitza ezin baita ulertu entitate bakar gisa, perspektiben aniztasun gisa baizik.
Horixe da teknologikoki sormenezkoak, zientifikoki irakasgarriak, artistikoki irudimentsuak eta arte digitalaren klasiko bihurtu diren pieza hauen leitmotiv-a. Horien bidez, funtsezko ekarpena egin diote XXI. mendeko arteari eta bizitza artifizialaren zientziari.
Ibilbidearen 30 urte zeharkatzen dituzten 18 instalazio
The Artwork As a Living System hausnarketa 18 piezek osatzen dute eta 90eko hamarkadan, gaur egun erabiltzen ditugun gailu guztietan horren ohikoak diren hardware eta softwarearen erabilera oraindik hedatuta ez zegoenean, hasitako ibilbidea egiten du. Garai hartan landutako gaietako batzuk izan ziren hauek: bizitzaren hastapenak eta bilakaera birtuala, behatzailearen elkarrekintzaren bidez, landare naturalak erabilita, Interactive Plant Growing (1992) lanean; bisitariek mantendutako hazkunde organikoa, Phototropy (1994) lanean; edo interfaze naturalen eta denbora errealeko interakzioaren bilaketa, A-Volve (1994/97) lanean.
Internet iritsi zenean, Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau genetikarekin, artearekin eta testuarekin harremanetan hasi ziren. Life Spacies II (1999) mundu osoko pertsonek sortutako bizitza artifizialeko habitata da. Bertan, mezu elektroniko bat bidalita bakarrik, beren izaki artifizial propioa sor zezaketen.
2000ko hamarkadako lehen urteetan, Mobile Feelings (2002-2003) proiektua mahaigaineratu zuten. Ukipen-seinaleak bidaltzeko eta jasotzeko bereziki diseinatutako telefono mugikorrak erabiliz, ukipen birtualaren eta gorputzeko sentsazioen bidez, pertsona ezezagunak elkarri lotzea proposatzen duen proiektua da. Bestalde, Life Writer (2006) lanean, artistak idazmakina analogiko zahar bihurtzen dira testu digitalak eta bizitza propioa duten organismo artifizial bihurtutako letrak sortzeko gai den gailu batean.
Beren ibilbidean zehar, Sommererrek eta Mignonneauk gai hauen inguruko gogoeta egin dute: arretaren ekonomia, artistaren, artelanaren eta publikoaren arteko harremana, denboraren moneta- eta ideologia-balioa eta selfiearen kultura. Ordenagailu bidez egindako animazioetan, Covid-19aren krisia eta klima-larrialdia izan dira arretagune nagusiak. Horrekin lotuta, azken hiru urteotako proiektuek pertsonen eta naturaren arteko interkonexioa, baliabide naturalak modu mugagabean ustiatzen jarraitu ezin den ekosistemaren hauskortasuna edo gizakiak bizirik jarrai dezan intsektuek betetzen duten funtsezko zeregina aztertu dituzte.
The Artwork as a Living System jarduera programa batekin osatzen da, besteak beste, bisita gidatuak eta audiogida tailerra eskola maila desberdinetako ikasleentzat.
Laurent Mignonneau eta Christa Sommerer
Laurent Mignonneau eta Christa Sommerer artista eta ikertzaileek sona handia dute nazioarteko hedabideetan, eta aitzindariak dira arte interaktiboan. Laurent Mignonneauk bideoartea ikasi zuen Angulemako Arte Ederren Akademian, Frantzian. Sommerer-ek botanika eta antropologia ikasi zituen Vienako Unibertsitatean, eta eskultura Vienako Arte Ederretako Unibertsitatean.
Hedabideetan aitzindari Peter Weibelek zuzendutako Institute for Media-n ezagutu zuten elkar 1991n. Egonaldi artistikoa izan zuten NCSA National Center for Supercomputing Application-en, Beckman Institute-n (Urbana, IL USA) eta Tokioko NTT-ICC Inter Communication Center-en (Japonian). Horren ondoren, ikertzaile gisa lan egin zuten ATR Telekomunikazio Aurreratuen Ikerketa Laborategietan (Kioto) eta IAMAS Arte eta Ingurune Aurreratuen Zientzien Institutuan (Ogaki, Japonia). CAiiA-STAR-en ikasi zuten, Galesko Unibertsitateko Arte Fakultatean, Erresuma Batuan (Roy Ascott irakaslearekin), eta Kobeko Unibertsitatean, Japonian. Gaur egun, Mignonneau & Sommerer irakasle eta zuzendariak dira, Austriako Linzeko Arte eta Diseinuko Unibertsitateko Interfaze Kulturen sailean.
Sommerer-ek eta Mignonneauk 20 artelan interaktibo inguru sortu dituzte elkarrekin, eta, horiei esker, sari ugari jaso dituzte, besteak beste, Wu Guanzhong 2012 Arte eta Zientzia Berrikuntzaren Saria ("Escape" lanagatik), Txinako Herri Errepublikako Kultura Ministerioak emandakoa; Golden Nica Prix Ars Electronica, Interactive Media Festival-eko Ovation Award (Los Angeles), Multimedia Association-en Multi Media Award'95 (Japonia), World Technology Award - The Arts of the World Technology Network-en finalista (Erresuma Batua), eta PRIZE 2008 - uni: invent, Austriako Zientzia eta Ikerketa Ministerioaren Saria.
Arte interaktiboko beren instalazioak mugarri historiko gisa daude katalogatuta, interfaze naturalak eta intuitiboak garatzen dituztelako, eta sarritan printzipio zientifikoak aplikatzen dituztelako beren interfaze-diseinu berritzaileetan, hala nola bizitza artifiziala, konplexutasuna eta sistema sortzaileak. Bere artelanak nazioarteko 200 erakusketa ingurutan erakutsi dituzte, eta mundu osoko museo eta bildumen parte dira.
Komisariotzari buruz
Erakuseta hau Karin Ohlenschlägeren kontzeptuan oinarrituta dago, ZKM | Center for Art and Media Karlsruhe, Alemania; OÖ Landes-Kultur GmbH, Linz, Austria; eta iMAL, Brusela, Belgika koprodukzioarekin eta Voloteak babestuta dago.
Hasiera batean, Karin Ohlenschläger, Peter Weibel eta Alfred Weidingerrek komisariatu zuten. Karin Ohlenschäger (Hannover, Niedersachsen 1959 - Gijón, Espainia, 2022) eta Peter Weibel (Odesa, Ukraina, 1944 -Karlsruhe, Alemania, 2023) arteari, zientziari eta teknologiari egindako ekarpen apartak eskertzeko eta gogoratzeko gune bihurtu da The Artwork As a Living System.
ARGAZKIA: Ezkerretik eskuinera: Genoveva Rueckert-Sommerauer, Linzeko OÖ Landes-Kultur GmbH-ko arte komisarioa; Laurent Mignonneau eta Christa Sommerer artistak; Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendaria; eta Sandra Rikic, Voloteako komunikazio-taldeko kidea, Azkuna Zentroan - Alhóndiga Bilbao.


