Ikus-entzunezko industriak 58,5 milioi euroko eragin ekonomiko zuzena izan du 2023an Bizkaian, eta 1.000 filmaketa-egunen langa gainditu da

  • Ikus-entzunezko industriak 58,5 milioi euroko eragin ekonomiko zuzena izan du 2023an Bizkaian, eta 1.000 filmaketa-egunen langa gainditu da

  • Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapen Saileko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commission-en 2023ko jarduera-balantzea aurkeztu dute gaur Zabalgune eraikinean
  • Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako ikus-entzunezko proiektuek izandako eragin ekonomiko zuzena 58,5 milioi eurokoa izan da, eta zifra hori laukoiztu egin da 2021ean izandako datuarekin alderatuta (13,8 milioi euro)
  • 2023an 151 ekoizpen filmatu ziren, eta 1.026 filmaketa-egun izan ziren Bilbo-Bizkaian, azken hau datu errekorra izanik, aurreko urtean baino % 74 jardunaldi gehiago. 12 film luze eta 7 serie, hauek izan dira gehien areagotu diren ekoizpenak, % 140 eta % 40 hurrenez hurren, inpaktu ekonomikoaren gastu errealaren % 90 sortuz, jarduera pizgarri fiskal berriak indarrean dauden lehenbiziko urtean
  • 33 film labur, 21 dokumental, 31 telebista-saio, 8 bideoklip, 2 webserie, 33 publizitate-iragarki eta 4 argazki-saiok osatzen dute iazko jarduera

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko Saileko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commission-en 2023ko jarduera-balantzea aurkeztu dute gaur Zabalgune eraikinean. Oso datu positiboak eman dituzte, uria eta lurraldea destino lehiakor eta erakargarria baitira ikus-entzunezko industriarentzat.

Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako ikus-entzunezko proiektuek izandako eragin ekonomiko zuzena 58,5 milioi eurokoa izan da, eta zifra hori laukoiztu egin da 2021ean izandako datuarekin alderatuta (13,8 milioi euro). Eragin ekonomiko induzituari [1] dagokionez, 2023an 139,6 milioi eurokoa izan zen, 2021ekoa baino sei aldiz handiagoa.

Datuek argi hitz egiten dute: 151 ekoizpen filmatu dira Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntzarekin, eta 269 ekoizpeni eman zaie arreta. Horietatik 68 nazioartekoak izan dira. Guztira, teknikari eta artista artean, 1.113 pertsona mobilizatu dira (figuranteak kontuan hartu gabe), eta 1.026 filmaketa-egun izan dira Bilbo-Bizkaian, 2022an baino % 74 gehiago.

Zifren artean azpimarratzekoa da, halaber, film luzeak (12) eta serieak (7) areagotu direla gehien aurreko urtearen aldean, % 140 eta % 40, hurrenez hurren. Izan ere, gero eta eragin ekonomiko handiagoa eragin duen gastu errealaren % 90 aipatutako film luzeek eta serieek osatu dute. 33 film labur, 21 dokumental, 31 telebista-saio, 8 bideoklip, 2 webserie, 33 publizitate-iragarki eta 4 argazki-saiok osatzen dute iazko Bilbao Bizkaia Film Commission-ek lagundutako jarduera.

Pizgarri fiskal berriak indarrean dauden lehenbiziko aplikazio-urtean, Bilbo-Bizkaia finkatu egin da ikus-entzunezko industriaren lehentasunezko destino gisa. Horren guztiaren ondorioz, lurraldeko 67 udalerritan filmatu da, Bilbo udalerri horien erdigunea izaki.

[1] Eragin ekonomiko induzitua: ikus-entzunezkoen sektoreko edo ikus-entzunezko sektorearen mendeko industrietako langileek jasotako ordainsariak kontsumo pribatuan (etxeko ekonomiak) eragiten duen gastuari lotuta dago.

Jarraitu irakurtzen


  • DataUrtarrilak 29
  • Gaia Ikus-entzunezkoa