Zinema aretoetan, euskara ia ikusezin
- Ia entzunezina eta ikusezina. Halakoa izan zen euskararen presentzia iaz Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Estreinatu ziren 10 filmetik 0,2tan bakarrik entzun edo irakurri ahal izan zen euskaraz
2023an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarak izan zuen presentzia % 2,48koa izan zen. Beste modu batera esanda: 563 film estreinatu ziren iaz, eta horietatik 14 bakarrik izan ziren euskaraz. Lau baino ez euskarazko jatorrizko bertsioan; eta hamar, euskarara bikoiztuta edo euskaraz azpidatzita. Elebidunak edo eleanitzak, berriz, bi izan ziren. Gainerako guztietan gaztelania izan zen hizkuntza bakarra.
Datuok Pantailak Euskaraz eta Zinemak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenek bildu eta zabaldu dituzte, 2023an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan izandako estreinaldien hizkuntza aztertu ondoren —Ipar Euskal Herriko datuak ez dituzte aztertu—. Ikerketaren emaitzak "gordinak bezain kezkagarriak" direla esan ondoren, bi taldeok eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu dute "euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa" dela zinema aretoetan.


