Lopez Mendizabal familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi du frankismo garaiko erbestearekin lotuta dagoen balio historiko handiko ondarea
- Lehendakariak nabarmendu du Lopez Mendizabal funtsak euskal gizartearen kulturarentzat eta historiarentzat garrantzitsua den koiuntura historikoa sakonago ezagutzeko balioko duela
Iñigo Urkullu Lehendakariak Lopez Mendizabal familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzitako funtsen aurkezpenean parte hartu du gaur. Ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ere parte hartu du Miren Lopez Mendizabal, Isaac Lopez Mendizabalen biloba eta Xabier Lopez-Mendizabalen alabarekin eta Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko teknikari eta funtsaren antolaketaren arduradunarekin batera.
Aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko diren funtsak balio historiko handikoak dira. Lopez Mendizabal familiaren funtsa ezinbestekoa da euskal kulturaren historiaren zati handi eta garrantzitsua ezagutzeko, baita euskal erbesteratze politikoa zein ekonomikoaren berri izateko ere. Lopez Mendizabaldarren familia argitaratzaile, inprentero eta intelektuala izan zen. Funtsaren zatirik handiena Isaac Lopez Mendizabalek 1938tik aurrera, bere heriotzara bitartean, sortutako dokumentazioa eta Isaac-en seme Xabierrek sortutakoa da. Isaac 1879an jaio zen eta 1977an hil, beraz 1936an, gerra hasi zenean, 57 urte zituen eta ordurako abokatutzan, liburuen edizioan, idazletzan, politikan eta kulturgintzan ibilbide luze eta oparoa egindakoa zen.


