Xamar: «Baldintza hauetan zaila da herri kultura garatzea, probableki ezinezkoa luzeran»
- Euskal Herriko bizitza soziala gidatu duten erritual, ohitura eta ospakizunak bildu ditu garraldar idazleak Biziaroak. Herri Kultura liburuan. "Euskal Herria hobeki ezagutu nahi duenarentzat" idatziriko lana da
Juan Carlos Etxegoien Juanarena Xamar idazlea (Garralda, 1956) euskara jendeari begira ageri zaigu berriz ere Biziaroak. Herri Kultura (Pamiela, 2024) lanean; jendarte horrek munduari begiratzeko, bertan kokatzeko eta ingurua ulertzeko (edo bere buruari ingurua ulertzen zuela sinetsarazteko) erabili izan dituen ospakizun, erritu eta ohiturak bildu eta azaldu ditu aurkezpen zainduko liburuan.
Orhipean. Gure Herria ezagutzen; Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza eta Etxera bidean (Euskadi Literatura saria 2019an, Euskarazko Saiakera atalean) egilearen aurreko lanetan bezala, prosa atsegina eta dibulgaziorako jaidura darizkio Biziaroak honi, eta dokumentazio jorian bermatzen da gure aurrekoen ohitura eta adierazpideen bilduma.
Nafar idazlearekin hitz egin dute eitb.eus-en.
Herri eta kultura hitz bihurritu askoak dira, hitz bihurriturik bada. Zein adiera edo hedadura ezarri dizkiezu Biziaroak lan honetarako herri eta kultura berbei?
Entziklopedian "kultura" hitzak duen adiera bat da liburu honetan jarraitu dudana: herri edo zibilizazio bateko gizarte-egitura eta ezagutza edo fenomeno zientifiko, artistiko edo erlijiosoen multzoa.
Lege testuak, ahozko lekukotasunak, garaian garaiko kontakizunak… Dokumentazio lan eskerga eta askotarikoa du atzean lanak, bistan denez. Nolakoa izan da liburua prestatzeko, antolatzeko eta idazteko prozesua?
Beti bezain korapilatsua, Euskara Jendea edo Etxea lanetan erabilitako egitura bera du Biziaroak liburuak ere.
Gai nagusia ardatz harturik eta atalka antolaturik, osagarri diren testuak bilatzen ditut: bertakoen testigantzak, legedi zaharra, bisitarien lekukotasunak, ikerlarien eta idazleen adierazpenak edota gogoetak...


