Bakarkarko lehen diskoa argitaratu du Gorka Urbizuk, "Hasiera bat"

  • Bakarkarko lehen diskoa argitaratu du Gorka Urbizuk,
    Gorka Urbizu. Argazkia: Ibai Arrieta

Gorka Urbizuk bere izenez sinatzen duen lehen diskoa da Hasiera bat. Hamar kantuk osatzen dute bilduma. Hamar aukera. Hamar erabaki. Izan zitezkeen beste batzuk, baina hauexek dira: "Maitasun bat", "Teoria bat", "Tren bat", "Toki bat", "Janela bat", "Kolore bat", "Lilura bat", "Etxe bat", "Sute bat" eta "Besterik ez".

Kantuaren muinerainoko bidaia dirudi Hasiera bat diskoak. Soinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu baitu egileak: kantuak erantzi, hustu, kimatu… euren soiltasuna agerian utzi arte. Gordin. Eder. Horrexek egiten ditu, hain zuzen ere, harkaitza bezain gogor, haizeak astindutako hostoa bezain hauskor.

"Ikusmenak itsututa gaude", diosku Urbizuk, eta ezustean kaleratu duen lan honekin bost zentzumenez entzuteko gonbitea luzatzen digula dirudi. Gelditu eta entzun. Barrutik soilik ireki daitezkeen ateak ireki. Garbitu zarata. Beharrezkoa dena esan, besterik ez. Soiltasunaren ederra lortzen ahalegindu, sortuko denaren beldurrik gabe.

Lleida inguruko 1904ko antzoki zahar bat eta zortzi-pistako analogiko xume bat: horiexek izan dira doinuok soinuz jasotzeko lanabes oinarrizkoak. Aurriritzi oro alboratuta, beste nonbaitetik sortzeko apustua egin du Berri Txarrakeko abeslari ohiak: soildu eta soildu, muina ukitu arte: hezurra. Egia. Egia bat.

Jordi Matasek ekoitzia, bere biluzian erpin ugari erakusten duen diskoa da hau. Maitasunez eta maitasunaz egina. Ez alde egin denbora baino lehen. Helduko da. Heldu da. Eta hau, hasiera bat baino ez da. 2024an zuzenekoetan ikusiko dugu elkar. 

Informazio gehiago


  • DataUrtarrilak 14
  • Gaia Musika