Urtarrilaren 12an estreinatuko da "Bizkarsoro" filma

  • Urtarrilaren 12an estreinatuko da

Bizkarsoro, Josu Martinezek zuzendutako fikziozko film luzea, urtarrilaren 12an estreinatuko da aldi berean Euskal Herriko zazpi lurraldetan. Durangoko Zugaza zineman izango da Bizkaiko emanaldia eta Durangaldeko euskalgintzako elkarteek babestuta egongo da.

Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro.

Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak.

1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna.

Bizkarsoro zazpi lurraldetan estreinatuko da aldi berean:

  • Araba: Gasteiz, Florida
  • Bizkaia: Durango, Zugaza
  • Gizpukoa: Tolosa, Leidor
  • Lapurdi: Baiona, Atalante
  • Baxe Nafarroa: Garazi, Le Vauban
  • Nafarroa Garaia: Altsasu, Lortia
  • Zuberoa: Maule, Maule Baitha

Zugazako emanaldiak

Gerediaga elkarteak, Berbaro elkarteak, Durangaldeko AEK eta Korrikak, Euskal Herrian Euskarazek eta Anbotok bat egin dute Bizkarsoro filmaren estreinaldia babesteko.

Urtarrilaren 12an, ostirala, 18:30ean izango da Zugaza zinemako emanaldi nagusia. Bertan, emanaldiaren ostean, Nerea Iriartek gidatuta, Hibai Castro Egia ikus-entzunezko argazki zuzendariarekin solasaldi laburra izango da. Durangoko bigarren emanaldia urtarrilaren 14an (domeka) izango da, 19:30ean.


  • DataUrtarrilak 9
  • Gaia Ikus-entzunezkoa