iLab-en helburu nagusia herritarren parte-hartzearen esparruan berrikuntza sustatzea da. Beste berrikuntza-erakunde, -organismo eta -laborategi batzuetan ez bezala, iLaben fokua ez dago berrikuntza publikoan, baizik eta herritarren eta erakundeen partaidetzaren esparruan hobekuntzak eta aurrerapenak bilatzean; eta era berean, ez dago herritarren parte-hartzea sustatzean zentratuta, berrikuntzan baitu begirada, ez demokrazia parte hartzailearen sustapen hutsean, baina, zalantzarik gabe, parte hartze prozesuak elementu berritzaileen bidez hobetzearen ondorioa izango da, eraginkorragoak izan daitezen.
Hori dela eta, iLab-en ekintzak eta zerbitzuak herritarren partaidetzaren aldeko berrikuntzatzat hartzen denaren esparruan oinarritzen dira.
Berrikuntzak beharrezkoa du elementu berritzaile bat sartzea (edo lehen ezagututako elementuen konbinazio berritzaile bat), gure ingurune hurbilean dagoen alternatibak baino balio handiagoko ekarpena ematen duena (berrikuntza inkrementala, ez bakarrik disruptiboa). Baina, zehazki, zertaz ari gara alor honetako berrikuntzaz ari garenean? Zein elementu edo ezaugarri definitzen dituzte proiektu berritzaileek edo disruptiboek?
Proiektuen ahalmen berritzailea berrikuntzaren lau dimentsioen arabera zehaztu daiteke: zer, nola, nortzuk eta zertarako.
- ZER-ean berritu: kontzeptualizazio (diseinu), inplementazio edo ebaluazio berritzaileak proposatzen ditu; premia edo eskaera baten ikuspegi holistikoa dakar; normalean lantzen ez den gai bati heltzen dio; beharrizan/betebehar juridiko-administratibo bati irtenbide eta/edo heltze berritzailea proposatzen du.
- NOLA-n berritu: metodologia, prozesu edo kanal berritzaile baten bidez heltzen dio herritarren parte-hartzeari; elkarlaneko harreman-esparru bat sortzen du erakundearen eta aurretik bazter zeuden herritarren artean.
- NORTZUK-etan berritu: oztopoak dituzten kolektiboen parte-hartzea bilatzen du; gaiaren inguruko begiraden aniztasuna bermatzen duten eragileak eta pertsonak sartzen ditu; talde eragile misto bat sortzea proposatzen du, non arduradun teknikoek eta politikoek parte hartzen duten, gizarte-eragileekin eta herritarrekin batera.
- ZERTARAKO-n berritu: erakundearen barne-prozeduretan aldaketa eragiten du; adostasun zabalak bilatzen ditu aurretiazko gatazka legokeen lekuetan edo lantzeko konplexua den erronka edo behar baten aurrean; komunitatearen autonomia eta autokudeaketarako gaitasuna errazten ditu; baliabideen banaketa eta prozesuen eraginkortasuna hobetzen ditu.
Lau dimentsio horien laguntzaz proiektu eta prozesuen potentzial berritzailea zehazten da, eta horrek ez du esan nahi, nahitaez, proiektu eta prozesu horiek dimentsio horietan guztietan berritzaileak izan behar dutenik. Gerta daiteke proiektu bereziki berritzaileak egotea eremu batean edo batzuetan, eta gainerakoetan horrela ez izatea.
Aukera eta dimentsio horien erakusgarri dira iLab-eko ekimenen mapan bildu diren ekimenak. Mapa hori HEMEN kontsulta daiteke. Prozesu eta proiektu horiek arauarekiko hobekuntza edo disrupzioa adierazten duten hainbat modu erakusten dituzte, dela testuinguru jakin batean garatzen direlako, dela normalean horrelako esparruetara iristeko aukerarik ez duten pertsonak inplikatzen dituztelako, metodologia desberdinak erabiltzen dituztelako edo oso ohikoa ez den irismena proposatzen dutelako.
Hurrengo hilabeteetan, iLabetik herritarren partaidetzako berrikuntzaren ideia proiektuak hautatzeko eta ebaluatzeko irizpide batzuetara eramateko lan egingo da, iLab-en sarea edo komunitatea osatuko duten pertsona, erakunde eta eragileekin lankidetzan egingo dena. Eztabaida honetan parte-hartu nahi izanez gero, idatzi ilabpartaidetza@euskadi.eus helbidera.