Unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak sinatu eta eguneratzea, ikasleek "practicuma" egin ahal izateko (Consejo de Gobierno 2023-12-19)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Hezkuntza Sailaren eta hainbat unibertsitateren arteko lankidetza-hitzarmenak sinatu eta eguneratzea, irakasle lanetan aritu ahal izateko goi-mailako ikasketak (graduak zein masterrak) burutzen ari diren ikasleek practicuma egin ahal izan dezaten.

Aipaturiko practicuma (edo praktikaldia) honako ikasketa hauetan ari diren ikasleei zuzentzen zaie: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanbidean aritzeko gaitzen duen Masterra egiten ari direnei. Hitzarmen hauen bidez, ikasten ari diren titulazioaren ikasketa-planean jasota dagoen praktikaldia Euskadiko ikastetxeetan egiten dute ikasle horiek.

Alde batetik, gorago adierazitako ikasketak eskaintzen dituzten euskal unibertsitateekin (UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) lankidetza-hitzarmenak berritzen dira, lau ikasturtetarako iraupenez (2026-2027 ikasturtea amaitu arte). Unibertsitateekiko hitzarmen berri hauek dakarten berrikuntza nagusia da unibertsitateek beren gain hartzen dutela praktiketako ikasleen Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzea eta kudeatzea, 2/2023 Errege Lege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Gainera, hitzarmen berri hauek gaur egun indarrean dauden eskola-curriculum berrietara egokitu dira.

Bestalde, eguneratu egin dira Estatuko 24 unibertsitaterekin indarrean dauden hitzarmenak, goian adierazitako Errege Lege Dekretuan ezarritakoa sartuz.

Gaur egun, Euskal Hezkuntza Sistemak 10.315 plaza eskaintzen ditu practicuma egiteko, ikastetxe publikoetan zein itunduetan. Horietatik 7.012 Haur eta Lehen Hezkuntzako graduetako ikasleentzat dira, eta 3.303 masterreko ikasleentzat.

Practicum fasea

Practicum deritzon fasea, irakasle izateko prestatzen ari den ikasleak ikastetxe batean egiten duen praktikaldia da. Helburu hauek ditu praktikaldiak: eskarmentua lortzea bakoitzaren espezialitateari dagozkion gaien plangintza zein ebaluazioa egiteko eta eskolak emateko; irakasle-lanerako ahozko eta idatzizko adierazpena ongi menderatzen dutela egiaztatzea; eta ikaskuntza eta bizikidetza erraztuko dituen giroa sustatzeko beharrezko gizarte-trebetasunak menderatzea.

Praktika hauek egiten dituen tartean, ikastetxean esleitu dioten irakaslearen tutoretza jasotzen du ikasleak, eta unibertsitateak ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa ere izaten du. Tutoreaz gain, prestakuntza-zentro bakoitzean koordinatzaile bat ere izaten da. Azken hau, praktikak koordinatzeaz gain, horien garapen egokiaz ere arduratuko da. Praktiketako ikasleek ez dute irakasle tutoreari dagozkion irakaskuntza-jarduerarik egiten, eta kolaboratzaile gisa hartu behar dira hezkuntza-jardueretan.

Informazio gehigarria