
Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Batzordea (SPEIS) gaur elkartu da Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria buru dela, eta kolektibo honen erregulazio berria inplementatzeko hemendik aurrera eman beharreko urratsak zehaztu ditu. Erregulazio berri hori joan den azaroaren 23an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, abenduaren 7an argitaratu zen EHAAn eta argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean.
Erregulazio berriari esker, Euskadik 26 suhiltzaile-parkeen eta horietan lan egiten duten profesionalen segurtasun juridikoan aurrera egiteko erregulazio bat izango du, modu horretan erakunde bakoitzak bere burua antolatzeko duen ahalmena bermatuz eta euren eskumenak eta erabaki-ahalmena babestuz. Gaur egun hiru hiriburuek eta hiru foru-aldundiek dituzte suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak, eta Euskal Autonomia Erkidego osoari ematen diote zerbitzua 26 parkek osatzen duten sarearen bidez.
Bestalde, arau berriak aurrerapauso aipagarria emango du Euskadiko suteak itzaltzeko zerbitzuetan sartzean, horietako lanpostuak betetzean eta barne-sustapenean berdintasuna lortzeko bidean; izan ere, gaur egun emakumezko suhiltzaileek oso presentzia eskasa dute plantilletan.
Era berean, Batzordeak SPEISen esparruko formakuntza-ikasketak ezartzeko proiektuaren berri eman du, horiek gaitzea eta lanbide-kategoria ezberdinetan sartzea ahalbidetzeko.
Azkenik, basoko suteen esparruan partekatuta erabiltzeko helikoptero bat izateko proiektuaren egoeraren berri ere eman du.
Osaketa
Batzordean parte hartzen dute hiru foru-aldundiek, Euskadiko hiru hiriburuetako udalek, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Eudel – Euskadiko Udalen Elkarteak eta Asociación de Bomberos Euskadiko Suhiltzaileen Zerbitzuak Bultzatzeko – AES elkarteak.