Sukaldari hondarribiarrari buruzko "Petra Labordarekin sukaldean" liburuaren aurkezpena egin da Madrilen, Madrid Fusión biltzarraren inguruan

Poster_Petra_Laborda.jpg

2023-01-23

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagien Politikako sailburuordea, Bittor Oroz, Madrid Fusión kongresuaren XXI. edizioaren inaugurazioan izan da gaur goizean. Kongresua gaurtik urtarrilaren 25era arte ospatuko da, "Sin límites. No limits" lelopean.

Madrid Fusion ekitaldiak nazioarteko sukaldari ospetsuenak biltzen ditu, egungo gastronomiaren joeren bila, ezusteko sentsazioak eta zaporeak eragiten dituzten kontzeptu eta teknikak konpartitzeko.

Biltzarra egiten ari den IFEMA esparruan eman den lehenengo hitzaldia, Andoni Luis Aduriz, Errenteriako Mugaritz jatetxeko sukaldariarena izan da. "Mugaritz XXV" izenburuarekin, euskal sukaldariak bide jarraitu eta etengabearen gakoak partekatu ditu. Bide horretan, probokazioa interakziorako tresna garrantzitsua da, atsegina bezain garrantzitsua; eta sormena eraldatu egiten da esperimentazioa mugimenduan mantentzeko.

"Petra Labordarekin sukaldean" liburuaren aurkezpena

Madrid Fusionera egindako bisitaren ondoren, arratsaldean Oroz sailburuordeak Madrilgo Euskal Etxearen egoitzan egingo den "Petra Labordarekin sukaldean" liburuaren aurkezpenean parte hartuko du. Ekitaldia Arma Plaza Fundazioak antolatu du, Hondarribiko Udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta HAZI Fundazioarekin elkarlanean.

Petra Laborda hondarribiarrak 1929an argitaratu zuen "Sukaldaritza praktikoa" liburuaren berrargitalpen bat da. Liburu horren bidez, sukaldaritzaren historiarako testu interesgarri bat berreskuratzeaz gain, jatorri oso xumeetatik abiatuta, XX. mendeko lehen hereneko espainiar sukaldaritzako elitearen parte izatera iritsi zen emakume horren irudia ezagutarazi nahi da.

Ekitaldia Txomin Sagarzazu Ancisarrek, Hondarribiko alkate eta Arma Plaza Fundazioko presidenteak, aurkeztuko du, eta Bittor Oroz eta Gonzalo López Muñiz historialariak parte hartuko dute.