Segurtasun Sailak "Udal-segurtasuna koordinatzeko I. Topaketa" egin du Erandion

Argitalpen-data: 


      Reunion_Coord_PPLL_25-10-2023.jpg

Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak “Udal-segurtasuna koordinatzeko I. Topaketa” egin du Erandioko egoitza nagusian. Topaketa horretan Erandioko eta Getxoko mugapeetako 12 udaltzaingoen buruak eta zinegotziak elkartu ditu, zehazki Getxo, Leioa, Erandio, Sopela, Berango, Gorliz, Plentzia, Derio, Lezama, Sondika, Loiu eta Zamudiokoak.

“Udal-segurtasuna koordinatzeko topaketen” helburua da 3.200 bat agentek osatuta dauden 15 zerbitzuak eta 81 udaltzaingoak elkartzea Euskadiko herrietako segurtasunean beharrezkoa den koordinazioa indartzeko, herri bakoitzaren berezitasunak eta gertutasuna kontuan hartuta. 

Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak aurkeztu dizkie bi mugapeetako herrietako ordezkariei Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren datorren seihilekorako lerro estrategikoak, helburuak eta ekintzak, bai eta Udaltzaingoak Koordinatzeko Arlotik planteatutako gaiak ere.

Topaketa horiek Segurtasun Sailak tokiko segurtasunaren arloan koordinazioa indartzeko abian jarritako ekimenaren barruan egiten dira, eta datozen asteotan Euskadiko mugape guztietan antolatuko dira, modu horretan Udaltzaingoko Kidego eta Zerbitzu guztiei laguntzeko. Hurrengo topaketak Gipuzkoan Deba-Urolako mugapean eta Bizkaian Ibaizabalgoan egingo dira.

Jardunaldi horietan aztergai izango dira, besteak beste, udaltzainen erregistroa, horien akreditazio profesionalak ematea, bitarteko langileen poltsetan sartzea eta horien kudeaketa, lankidetza-hitzarmenak eta Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen arteko eguneroko koordinazioan titulartasunak esleitzeko eta intzidentzien zerrendak jasotzeko protokolo eta akordio guztiak. Modu horretan ahots- eta datu-komunikazio digital bateratuak erabiltzea bultzatu nahi da, bai eta pertsonen eta ibilgailuen aurrekariak kontsultatzeko datu-base bateratuetara eta genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako espedienteen gordailu bateratura sarbidea izatea, atzerriko ibilgailuen datuak kontsultatzea edo EKINBIDEko kexen, iradokizunen eta zoriontzeko idatzien tratamendua kudeatzea ere.

Informazio gehigarria