Osasun Sailak herritarren kontzientzia eskatu du tabako kerik gabeko euskadirantz aurrera egiteko

Argitalpen-data: 

Zarautzen egin da gaur kaleko lehen sentsibilizazio-ekintza uda honetan bizi-ohitura osasungarriak, erretzeari uztearen onurak eta ingurumenaren babesa sustatzeko

 

 

 

Kea ardatz duen kaleko ikuskizun bat izan da Zarautzen, eta tabako-mendekotasunaren alegoria irudikatzen duten kez betetako xaboi-ponpen sortzaile bat eta dantza garaikideko bi dantzari izan ditu protagonista. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatuta, uda honetan Euskadiko hainbat herritan egingo diren sentsibilizazio-ekintzetako lehena izan da, pertsonen ongizaterako funtsezkoak diren bi alderditan eragiteko: osasunaren babesa eta ingurumenaren zaintza.

 

Gaurko jardueran Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea izan dira. Azken honen udalak ekimen honetan lagundu du.

 

Osasuneko sailburuak iragarri zuen bere sailak urtearen gainerako sasoietara zabaldu nahi zuela kontzientziazio-lana tabakismoak osasunean duen eragin negatiboari buruz. Kontzientziazio hori maiatzaren 31 inguruan kontzentratu ohi da, hau da, kausa horri eskainitako munduko egunean.

 

Gaur goizean eta arratsaldean Zarauzko hondartzako pasealekuan eskainitako ikuskizuna, hain zuzen ere, tabakoaren kontsumoak eta keak sortzen dituzten arriskuei eta ohitura horretatik askatzeak dakartzan onurei buruzko errepresentazio artistiko bat da. Ohitura hori mundu osoan saihets daitekeen lehen heriotza-kausa da, eta osasun kolektiborako mehatxurik handienetakoa. Ikuskizunaz gain, ikusleek tabakoaren ondorio kaltegarrien eta kerik gabeko guneen onuren berri jaso dezakete informazio-karpa batean. Uda honetan, karpa ibiltaria izango da Euskadiko hainbat lekutan.

 

Guztiok partekatzen ditugun guneetan tabakoaren keak sortzen dituen kalteen inguruan kontzientzia, ezagutza eta aktibismoa sortzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du ekitaldiak. Gainera, gogorarazi denez, zigarrokinak munduko hondakinik ohikoenetako bat dira, eta hondartzetan eta ibai eta lakuen ertzetan gehien biltzen den zaborra.

 

 

Ekimena Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Sailak osasuna babesteko, prebenitzeko eta kontzientziatzeko bultzatutako politiketan kokatzen da. Besteak beste, 2022an, Kerik Gabeko Guneen Sarea abian jartzea, foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan. Sare horren helburua da, sailburuaren beraren hitzetan, “airea gehitzea eta kea kentzea”, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta ingurumena kearen eta zigarrokinen kutsaduratik babesteko inguruneak eratuz. Osasuneko sailburua pozik agertu da iaz Euskadin sortutako sare hori % 40 hazi delako, tabakorik gabeko 209 eremutara iritsi arte, besteak beste: hondartzak, igerilekuak, eskola-inguruneak, haur-parkeak, plazak, osasun-zentroak edo kirol-inguruneak. Hazkunde hori udalerri parte-hartzaileen kopuruan ere islatu da, hasierako 41 udalerrietatik gaur egungo 55 udalerrietara.

 

Sagarduik gogorarazi duenez, horrelako ekimenen helburuak, herritarren osasun publikoa zaintzeaz gain, honako hauek dira: jokabide osasungarriak sustatzea; tabakoaren eta nikotinaren arriskuei buruzko informazio- eta sentsibilizazio-lana bultzatzea; substantzia horren kontsumoa murriztea; kontsumo hori utzi nahi duten erretzaile guztiei informazioa eta laguntza ematea; biztanle guztiak tabakoaren ketik babestea; eta gure herri eta hirietan ingurune garbiak, osasungarriak eta kerik gabekoak sortzea eta mantentzea, ingurumenaren hobekuntzan modu positiboan eraginez. Hori dela eta, pertsona guztiei dei egin die, banaka, ingurune osasuntsuagoak sortzen lagun dezaten, eta gazteenentzat ere adibide positiboa izan daitezen.

 

Gainera, Osasuneko sailburuak azpimarratu duenez, ez dago tabakoa edo nikotina kontsumitzeko modu segururik: bai formatu tradizionalek (zigarroak, puruak, biltzeko tabakoa), bai produktu berriek (zigarreta elektronikoak edo berotzearen bidez tabakoa kontsumitzeko produktuak) osasunerako arriskuak dakartzate.

 

 

Informazio gehigarria