Osasun sailak azpimarratu du zer garrantzitsua den txertaketa-egoera eguneratuta izatea, baita helduaroan ere

Argitalpen-data: 

Gogoratu txertaketa ez dela adin pediatrikoan amaitzen, eta bizitza osoan zehar luzatzen dela, gaixotasunak sortu edo birsortu egiten direlako eta errefortzu immunologikoa behar delako

 

Txertaketa ez da adin pediatrikoan amaitzen, eta bizitza osoan zehar luzatu behar da; izan ere, gaixotasunak sortu edo birsortu egiten dira eta errefortzu immunologikoa behar da. Hura da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak nabarmendu nahi izan duen mezua, hil honetan bertan 2023. urterako bizitza osorako txertaketa-egutegia eguneratu ondoren, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen gomendioekin bat etorriz.

 

Hala, Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Sailak azpimarratu du zer garrantzitsua den helduek ere haien txertaketa-egoera berrikustea eta eguneratuta izatea; izan ere, haien eskubidea da populazio-tarte horretarako egutegi espezifikoan zehazki adierazitako urratsetara jotzea. 

 

Aldi berean, zirkular bat bidali die Osakidetzako profesionalei, osasun-arloko profesionalen elkargoei eta Euskadiko osasun-zentro pribatuen sareari; zirkular horretan gogorarazten die txertaketa prebentzio-jarduera bat dela eta helduen eguneroko kontsulta-jardueran sartu behar dela.

 

Sailak nabarmendu du, era berean, komeni dela osasun-zerbitzuekiko harremana aprobetxatzea –laneko arriskuen prebentzioarenak barne–, bai eta kanpaina espezifikoak ere (gripea, covida), pertsonaren immunitate-egoera egokia dela egiaztatzeko, bereziki desagertzeko prozesuan dauden gaixotasunen kasuan, hala nola elgorria, sortzetiko errubeola edo poliomielitisa.

 

Heldu osasuntsuez gainera, oraintsu berritu den bizitza osoko txertaketa-egutegiak, nobedade gisa, aurtengo urtean zehar 65 urte betetzen dituzten pertsonetan zoster herpesaren aurkako txertoa jasotzen du, adin horretatik aurrera gomendatutakoez gainera (gripea eta pneumokokoa).

 

 

Informazio gehigarria