OSALAN V. NAZIOARTEKO BILTZARRA AURKEZTEA

Argitalpen-data: 


      DSC_8326.JPG

Barakaldo, 2024ko apirilaren 20a.- Elena Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak eta Lourdes Íscar Osalaneko zuzendari nagusiak Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko V. Biltzarra aurkeztu dute gaur goizean, Euskalduna Jauregian izango dena, apirilaren 24an eta 25ean.

OSALANek bere 30. urteurrenaren barruan antolatu du, eta Estatuko zein nazioarteko laneko arriskuen prebentzioaren eta industria-segurtasunaren arloko maila goreneko 100 profesional baino gehiagok planteatutako erronkak aztertu eta horiei aurre egiteko ahaleginak batuko dituzte Biltzarrean.

“Bi jardunaldi horietan, apirilaren 24an eta 25ean, Bilbo laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da. Singapurretik, Kanadatik, Frantziatik, Italiatik, Erresuma Batutik edo Belgikatik etorritako hizlariek gai interesgarriak eztabaidatu eta aztertuko dituzte, hala nola prebentzio-kultura irakaskuntzan txertatzea; laneko minbizia; sortzen ari diren arriskuak, agente biologikoak eta nanopartikulak kasurako; ergonomia; genero-ikuspegia prebentzioan; edo makinen digitalizazioa eta segurtasuna”, nabarmendu du sailburuordeak.

Halaber, adierazi du Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako ezarri duen helburua gure eskumen-eremuko politikak eraldatzea dela, enpresei, langileei eta, oro har, herritarrei tresnak eskaintzeko, lan segurua, inklusiboa, berdintasunezkoa, lankidetzazkoa, parte-hartzailea eta eskubideduna izan dezaten.

Bestalde, Lourdes Íscarrek gaineratu du Biltzar honetan Osalanek 2021-2026 LSOEEren hiru ardatz nagusiak jarraitu nahi izan dituztela:

 -          Gizartea. Arreta berezia jarri nahi izan dugu premiazkoa dela prebentzio-kultura maila guztietara eramatea: gizartea bera, eskolak, lanbide-heziketa, LSO masterreko ikasleak, unibertsitateak. Izan ere, pertsona horiek guztiak dira lan-etorkizuna, eta beharrezkoa da lan-arriskuen prebentzioaren mundua ezagut dezatela.

-          Enpresak eta dituzten prebentzio-tresnak, prebentzio-zerbitzuak. Gidak eta protokoloak aurkezten ditugu jarduera-sektoreka, eta gure jomugan ditugu jarrita LAPa ezartzea zailagoa zaien kolektiboak, hala nola langile autonomoak eta ETEak.

-          Gobernantza. Gobernu konprometitu bat, LAParekin, sailen plan eta estrategien integrazioarekin, aldundiekin, udalekin, beste erakunde batzuekin (GSIN, mutualitateak), eta langileen ordezkarien, enpresa-ordezkarien, kooperatiben munduko langileen edo langile autonomoen parte-hartzearekin konprometituta dagoen Gobernua.

 “Ilusioz handiz antolatutako Biltzarra dugu, eta ahalegin handia egin dugu gure helburua betetzeko: lan-arriskuen prebentzioari buruzko informazioaren, prestakuntzaren eta ezagutzaren bidez, laneko segurtasuna eta osasuna txertatzea kulturan, euskal gizarteak duen kulturan: ondo egindako lanaren eta enpresa-bikaintasunaren kultura”, esanez bukatu dut Osalaneko zuzendariak.

Informazio gehigarria