Jardunaldian zehar, 100 urteko jarduerarekin lotutako hainbat ekintza egin dira; besteak beste, Ospitalearen mendeurrenaren oroitzapenezko bideo bat aurkeztu da, argazki-erakusketa bat egin da eta plaka oroigarri bat jarri da ospitaleko sarreran.
Zaldibarko Ospitaleak bere mendeurrena ospatzeko jardunaldia egin zuen atzo, asteazkenak 14. Bilera inaugurazio-ekitaldi batekin hasi zen, eta Aratxu Lozano Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerenteak ongietorria egin zuen. Ondoren, Zaldibarko Ospitaleko buru klinikoa den Juan Antonio Toricesek Ospitalearen historiaren eta mugarri nagusien kontakizuna egin zuen 1923an sortu zenetik gaur egunera arte. Bertan, agerian geratu zen Ospitalea hasi zenetik gaixo mentalari emandako asistentziaren lekuko izan dela, eta askotan garai bakoitzeko behar eta inguruabarretara egokitu behar izan dela, ahalik eta arretarik onena emateko.
Jardunaldiaren ekitaldi nagusi gisa, mendeurrenaren oroitzapenezko bideo bat aurkeztu da, Ospitalean bizi izandako garai guztietako argazkiekin batera. Gainera, Zaldibarko Ospitaleko profesionalen esperientzien grabazio txikiak zabaldu dira.
Jardunaldian, halaber, Ospitalearen mendeurrenaren oroitzapenezko plaka bat aurkeztu du zuzendaritza-taldeak, ospitalearen sarreran. Osakidetzaren ordezkari instituzional gisa, mendeurrena ospatzeko ekitaldietan izan dira Asistentzia Sanitarioko zuzendari Victor Bustamante eta Osakidetzako Ekonomia eta Finantzako zuzendari Nestor Arana.
Gainera, Ospitaleak dituen 100 urteekin lotutako argazki-erakusketa bat inauguratu da, eta datozen hilabeteetan Ospitaleko ekitaldi-aretoan ikusgai egongo da.
Ospitale modernoa, mende bateko historia duena
Gaur egun, Zaldibarko Ospitalea ospitale modernoa da, erabat birmoldatua, eta 2010. urteaz geroztik Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean sartuta dago. 102 ohe ditu, hiru unitate operatibotan banatuta, Bilboko eta Barrualdeko Eskualdeko pazienteen Egoitzarako, Azpiakutuetarako eta Errehabilitaziorako.
Azpiakutuen eta Errehabilitazioko Unitateetan, beste ospitale batzuetako Akutuen Unitateetan baino ospitalizazioa luzeagoa behar duten paziente larriak artatzen dira. Pazienteen batez besteko egonaldia 60 eta 110 egunekoa da, hurrenez hurren, aipatutako ospitalizazio-unitateetan.
Gainera, Ospitaleak harreman erregularra eta koordinatua du Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko dispositibo guztiekin, eta, bereziki, Basurtuko Unibertsitate Ospitalearekin eta Galdakaoko Ospitalearekin.
Zaldibarko Ospitaleak 100 urte bete ditu, eta ez dio inoiz uko egin bere historiari, ez eta pazienteei ahalik eta arretarik onena emateko konpromisoari ere. Ildo horretan, 1923an sortu zenetik, Ospitalea asistentzia psikiatrikoaren bilakaerara egokitzen joan da, eta horrek aldaketak ekarri ditu metodo terapeutikoetan, errehabilitazioan eta pazienteen errekuperazioan.
Ospitalea eraldatuz joan da bere 100 urteetan zehar. Joan den mendeko 20ko hamarkadan, paziente femeninoei arreta emateko zentroa zen soilik, baina 70eko hamarkadaren hasieran nolabaiteko masifikazioa jasan zuen. Bestalde, 80ko hamarkadan, Euskal Autonomia Erkidegoko Asistentzia Pisikiatrikorako eta Osasun Mentalerako Planaren zutabe bihurtu zen, eta Euskadiko gaixotasun mentalaren arretaren erreformaren oinarria izan zen.