Osakidetzak Asistentzia Sanitarioko Jardunbide Egokiak Aitortzeko Jardunaldia egingo du gaur, osteguna, 40. urteurreneko ekitaldien barruan

Argitalpen-data: 

Guztira, Jardunbide Egokien 114 proposamen jaso dira, eta horien artean 36 berritzaile hautatu dira asistentzia sanitarioaren eremu guztietan. Jardunaldian zehar Gurutzetako Ospitaleko ekitaldi-aretoan aurkeztuko dira.

 

 

 

Osakidetzako Jardunbide Egokiak Aitortzeko Jardunaldia gaur, osteguna, egingo da, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi-aretoan. Osakidetza osoko jardunbide egokiak aintzatesteko antolatu den lehen ekitaldi honetan, partaideen hobekuntza-proposamenak, jardunbide egokien arloan izan dituzten esperientziak eta egin dituzten ahaleginak jorratuko dira.

 

 

Aitormen-jardunaldi hau "Osasuna inoiz baino gehiago" lelopean kokatu behar da, Osakidetzaren 40. urteurrenaren inguruko ekintzen esparruan; izan ere, hainbat ekintza antolatu dira pazientea sistemaren erdigunean jartzeari eta profesionala eta haren lana jarduera sanitarioaren ardatz izateari lotutako balioak eta ekimenak bultzatzeko.

 

Osakidetzak sortu zenetik sustatu du praktika eta esperientzia berritzaileak garatzea asistentzia sanitarioaren eremu guztietan, eta orain, zerbitzu-erakundeetako profesionalek egindako lan ona erakusteko eta aintzatesteko jardunaldia antolatu du, Osakidetzaren 40. urteurrenaren testuinguruan.

 

 

Partaidetza-arrakasta: 114 proposamen jaso dira eta 219 pertsona baino gehiagok izena eman dute


 

Ehun komunikazio baino gehiago bidali dituzte Osakidetzako zerbitzu-erakunde ia guztietatik. Zehazki, 114 jardunbide egoki jaso dira, eta horietatik hautatu diren 36 aurkeztuko dira gaur, osteguna, Osakidetzaren Jardunbide Egokien Jardunaldian.

Deialdi honen helburua da aukera ematea hainbat eremutan (asistentzialetan zein ez-asistentzialetan) hobekuntzak ekar ditzaketen esperientziak azaltzeko.

 

Esteka honetan aurki daiteke egitaraua: Osakidetzaren Jardunbide Egokiak Aitortzeko Jardunaldiaren egitaraua

 

 

Jardunbide Egokien Gunea Intranet Korporatiboan

 

Jardunbide egokia da esperientzia arrakastatsu bat, hainbat testuingurutan frogatu eta aplikatu dena eta eredugarri gisa gomenda daitekeena. Proposatutako ekimenak ezagutzera eman behar dira, haien oihartzuna ahalik eta profesional gehienengana irits dadin eta nork bere testuingurura egoki ditzan. Ildo horretan, Osakidetzako Jardunbide Egokiak Aitortzeko Jardunaldia antolatu duen batzordeak lantaldeek komunikazioak prestatzeko egin duten ahalegina txalotu nahi du. Horregatik, Intranet Korporatiboan gune bat sortuko da jaso diren Jardunbide Egoki guztiak argitaratzeko (bai ekainaren 15ean aurkezteko hautatuak izan direnak, bai gainerakoak ere), Osakidetzako Zerbitzu Erakunde guztien artean zabaldu ahal izateko.

Informazio gehigarria