Osakidetzak 60 egunera murriztu du prozedura kirurgikoetarako batez besteko itxaronaldia

Argitalpen-data: 

Gaur egun, 2.200 pertsona gutxiago daude kirurgiarako itxaron-zerrendan, eta itxaronaldia 60 egunera murriztu da batez beste, duela 5 hilabete baino 8 egun gutxiago. 2022ko abuztuan, pandemia amaitu berritan, itxaronaldia 85 egunekoa zen

Pazienteen % 40ri 30 egun baino lehen egiten diete ebakuntza eta beste % 40ri 3 hilabete baino lehen

 

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak, EH Bildu legebiltzarreko taldeak gaur goizeko Kontrol Bilkuran egindako galderari erantzunez, aditzera eman du Osakidetzak 60 egunera murriztu duela prozedura kirurgikoetarako batez besteko itxaronaldia. Hortaz, pazienteek duela 5 hilabete baino 8 egun gutxiago itxaron behar dute ebakuntza egiteko. Duela urtebete, Osakidetza pandemiaren ondoren normaltasunera itzultzen hasi zenean, zerrenda kirurgikoetako itxaronaldia 85 egunekoa zen.

Era berean, osasun-erakundeetan kirurgiarako itxaron-zerrendan dauden pazienteen kopurua murriztu egin da; gaur egun 23.545 paziente daude zain, 2023ko ekainean baino 2.200 gutxiago. Nabarmentzekoa da itxaron-zerrendan dauden pertsonen % 40ri 30 egun baino lehen egiten zaiela ebakuntza, eta beste % 40ri 3 hilabete baino lehen.

Bihotzeko kirurgiari erreparatzen badiogu, 75 paziente daude ebakuntza zain, eta batez besteko atzerapena 46 egunekoa da (duela 5 hilabete baino 13 egun gutxiago). Paziente horien % 85 hiru hilabetera gehienez artatzen dituzte.

Kirurgia onkologikoari dagokionez, pazienteen % 95i gehienez 30 egunera egiten diete ebakuntza. Une honetan, 440 pertsona dauden itxaron-zerrendan (ekainean baino 24 gutxiago) eta batez besteko atzerapena 11 egunekoa da.

Jarduera kirurgikoa handitzeak, jakina, proba osagarrietarako eta kanpo-kontsultetarako eskaerak gehitzea ekarri du eta, hartara, itxaron-zerrenda horietan dauden pazienteen kopurua zertxobait handiagoa da.

Ildo horretan, eta proba diagnostikoei edo osagarriei dagokienez, itxaronaldia 36 egunera jaitsi da. Une honetan, 55.518 paziente daude proba egin zain. Kanpo-kontsultetan batez besteko atzerapena 80 egunekoa da eta, une honetan, 128.753 pertsona daude itxaron-zerrendan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)