
PRENTSA-OHARRA
Enpresek beren betetze-programak ziurtatzeko aukera emango du arau berri honek.
Araua egiteko batzorde teknikoko burua kontseilukide bat izan da, eta LEA/AVCko teknikari batek ere parte hartu du bertan.
2023ko abenduaren 4a
Azaroaren amaieran amaitu da Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVCk) 2021etik sustatutako UNE 19603:2023 Lehia Askearen Betetze-Programak Kudeatzeko Sistemak araua idazteko eta onartzeko prozesua. Arau tekniko horri esker, enpresek arlo horretan dituzten betetze-programak ziurtatu ahal izango dituzte.
Arau hori bi urte baino gehiagoko lanaren ondoren amaitu da batzorde tekniko batean. Bertan, Rafael Iturriaga, LEA/AVCko kontseilukidea, burua izan da eta erakunde honetako teknikari bat, kidea. UNEk onartu ondoren, araua alegatzeko prozesua ireki eta, bat ere jaso ez duenez, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu da. Hemendik aurrera, Espainiako edozein enpresak ziurta dezake arlo horretan.
UNE araua LEA/AVCk berak 2019an eta ondoren MLBNk idatzi dituzten giden osagarri da, enpresek lehiaren defentsari buruzko arauak betetzeko programak hartu izana positiboki baloratuz. Horrela, compliance deritzonaren programa egokia duten enpresa arau-hausleek isunaren zenbatekoa murriztu ahal izango dute, eta Administrazioarekin kontratatzeko debekua saihestu, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 72.5 artikuluan jasotzen den bezala.
Araua hainbat arau-hauste arintzeko diseinatu da, hala nola kolusiozko jokabideak (lehiaren aurkako akordioak); nagusitasunezko posizioaren abusuak merkatuetan; lehia desleialeko egintzak; edo arau-hausteak enpresa-kontzentrazioen testuinguruan. Estatuaren laguntzen kontrolari buruzko aipamenak ere jasotzen ditu.
Arauak compliance deritzona kudeatzeko termino generikoen definizioen atala du, bai eta lehiaren zuzenbideko termino espezifikoena ere, eta legeria jasotzen duen eranskin bat ere badu, lehiaren betetze-programak ezartzeko kontuan hartu beharko dena.
Lehiaren UNE arauak gomendatzen du, betetze-programa bat ezarri aurretik, enpresaren merkatu-testuingurua eta negozio-estrategia aztertzea eta 'compliance’-ko kudeaketa-sistemaren irismena zehaztea. Enpresak identifikatu beharko ditu egin ditzakeen lehiaren arloko arau-hausteen arriskuak, eta kontrolak ezarri beharko ditu horiek arintzeko. Nolanahi ere, funtsezkoa da administrazio-organoak eta goi-zuzendaritzak lidergoa eta konpromiso zintzoa erakustea lehia-arauak betetzeari dagokionez, enpresak benetako betetze-kultura garatu ahal izan dezan eremu horretan ere.
Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.