Nerea Melgosak "Bilbao Historiko" elkartearen "Bihotza Euskadi Solidarioa" saria eman dio Aita Mari ontziko tripulazioari

Argitalpen-data: 

Nerea Melgosak “Bilbao Historiko” elkartearen "Bihotza Euskadi Solidarioa" saria eman dio Aita Mari ontziko tripulazioari

  • Bihotza sariak, Bilboko Auzo Historikoak Sustatzeko Bilbao Historiko elkarteak antolatuak
  • Sailburuaren zorionak "bihotzez, arimaz, gizatasunez, ulermenez, laguntzaz eta pazientziaz ondo egindako lanagatik".

Bilbo, 2023-12-19

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak "Bilbao Historiko” elkartearen “Bihotza Euskadi Solidarioa" saria eman dio "Aita Mari" itsasontziko tripulazioari. Itsasontzi hori Mediterraneo itsasoa gurutzatzen saiatzen diren migratzaileen bizitzak salbatzen ahalegintzen da. Bilbao Historikok —Bilboko Auzo Historikoak Sustatzeko Elkarteak— Bihotza Sariak antolatzen ditu urtero. Sari horien banaketa-ekitaldia gaur goizean egin da Bilborock gunean, Bilboko Mesedeetako kaian.

Nerea Melgosak nabarmendu duenez, "bihotz figuratiboa emozioaren, afektuaren, enpatiaren, loturen eta sentimenduen sinbolo sinple baina boteretsua da. Bihotzik gabe ez genuke giza konexioen aberastasuna izango". Sailburuak esan duenez, "sariak sustatzen dituztenen ekimen asko bertatik bertara ezagutzen ditu", eta, horregatik, zoriondu egin ditu " bihotzez, arimaz, gizatasunez, ulermenez, laguntzaz eta pazientziaz, kasu batzuetan, ondo egindako lanagatik".

"Eskerrik asko euskal gizartearen izenean. Ekitaldi honek lankidetza publiko-sozialarekin dugun konpromisoa berresteko balio du. Euskal Autonomia Erkidegoak hirugarren sektore sozial sendoa, konprometitua eta solidarioa du, eta horrek berebiziko garrantzia du ongizatearen eta ekitatearen sustapenean. Erronka sozialei eraginkortasunez heltzen ere laguntzen digu", gaineratu du Melgosak.

Melgosa sailburuak zehaztu duenez, "Euskal Autonomia Erkidegoarena Hirugarren Sektore Sozial bizia da, berritzeko eta bizitzea egokitzen zaigun errealitate aldakorretara moldatzeko gai dena:  inor atzean utzi gabe, guztien ongira, ongizatera eta oparotasunera iristeko balio batzuekin. Euskal Autonomia Erkidegoan erakundeak eta gizarte-entitateak eskutik goaz. Elkarlan hori funtsezkoa da.

Epaimahaia

Epaimahaia osatu dutenak honako hauek izan dira: Amaia Goikoetxea, Euskal Kazetarien Elkargoa eta Elkartea ordezkatuz; Jon Egaña, Ser irratikoa; Julio Albitre, El Karma-koa; Sandra Atutxa, Deiakoa; Javier Onaindia, Bizkaia Irratikoa; Arturo Trueba, La Ría del Ocio-koa; Borja Elorza, Jujo Ortiz eta Iker Urkidi, 2023ko Bihotza Sarien antolakuntzakoak; Txema Villate, EFE agentziakoa; Ángel López, Onda Vasca irratikoa; Roberto Urkitza, Estrategia Empresarial elkartekoa; eta Javier Ganboa, BilbOn aldizkarikoa.

Aurkeztutako 28 hautagaitzen ekarpenak eztabaidatu ondoren, epaimahaikideek erabaki dute sariak honela banatzea: BIHOTZA ahalduntzea: AMIARTE; BIHOTZA osasuna: AFA; BIHOTZA solidarioa: AITA MARI; BIHOTZA kulturala: LORALDIA; BIHOTZA enplegua eta prestakuntza: USOA; BIHOTZA berezia: BETTO SNAY; BIHOTZA komunikazioa: RADIO BILBAOREN 90. URTEURRENA; eta BIHOTZA inklusioa: ETORKIZUNA MUSIKATA.

Aurreskuaren ondoren, Koldo Campok sarien esanahia deskribatu du: "beren ekintzaren bihotzean eta ardatzean Bilbo, Bizkaia eta Euskal Autonomia Erkidegoaren erantzukizun sozialarekiko konpromisoa eta elkartasuna jartzen duten enpresa eta erakundeei omenaldia". Borja Elorzak, Bilbao Historiako presidenteak, "hedabideek eta Euskal Kazetarien Elkargoak eta Elkarteak hamaika Bihotza sariak aukeratzean egindako lana" eskertu du. Amaia Arregik, Bilboko Lehen Alkateordeak, gizarte-politiken garrantzia azpimarratu du, erakunde, elkarte eta proiektuen lana eskertuz.

Garapena

BIHOTZA BIZKAIA OSASUNA saria Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Arloko zuzendari Maite Iturratek, AFA - Bizkaiko Alzheimer eta beste dementzia duten pertsona gaixoen senitartekoen elkarteko (AFA Bizkaia) presidente María Ángeles Diaz Domínguezi eman dio. Elkartea biltzeko beharra zuten eta beren eskubideak defendatu behar zituzten senideen talde batek sortu zuen 1988an. Elkartearen helburua da Alzheimer gaixotasuna eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen familiei laguntza psikologikoa eta morala ematea, baita gai legal, soziologiko eta ekonomikoei buruz aholkatzea ere.

Amaia Arregik "BIHOTZA AHALDUNTZEA" saria diziplinarteko sormen artistikoko Amiarte tailerreko lehendakari Begoña Intsaustegiri eman dio. Tailer horretan artistek eta profesionalek esperientziak partekatzen dituzte egoera zailetan dauden pertsonekin.

BIHOTZA KOMUNIKAZIOA saria Kazetarien Elkargoko dekano eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidente Amaia Goikoetxeak Radio Bilbaoko zuzendari eta SER Euskadiko eskualdeko zuzendari Begoña Marañóni eman dio. Nerea Melgosak " BIHOTZA EUSKADI SOLIDARIOA" saria AITA MARIrekin zeharka eta modu integralean jarduera eta programa solidarioetan diharduen Itsas Salbamendu Humanitarioaren Intzidentzia eta Generoko arduradun Amaia Iguarani eman dio. Boluntarioen elkarte hori 2015etik dabil Mediterraneoan bizi den krisi humanitarioari erantzuna ematen. Itsas Salbamendu Humanitarioaren ustez, "gizartea sentsibilizatzea funtsezkoa da errefuxiatuen krisia ulertzeko eta positiboki lan egiteko".

BIHOTZA KULTURA saria LORALDIArentzat izan da. Jaialdi hori 2014. urtean sortu zen, elkarren artean gaitasun osagarriak zituzten sei lagunek euskal kulturarekiko zuten zaletasunaren eskutik, Euskararen Jaialdi bat garatzeko helburuarekin, Bilbon kultur diziplina guztiak modu bereizi eta paregabean biltzeko udaberrian.  BIHOTZA BIZKAIA ENPLEGUA ETA PRESTAKUNTZA saria irabazi-asmorik gabeko USOA enpresarentzat izan da. Enpresa Barakaldoko Udalarena da, Ehlabe - Enpleguko Zentro Bereziaren eta Zentro Okupazionalaren kide sortzailea da, eta enpresei zerbitzuak eskaintzen dizkie honako arlo hauetan: laneko arropa prestatzen eta fabrikatzen, ekoizpen-prozesuak azpikontratatzen, lorategien mantentze-lana egiten, garbiketa-zerbitzu integralak eta dokumentuak kudeatzen. Saria Usoako zuzendari kudeatzaile Argiñe Martinezek jaso du.

BIHOTZA INKLUSIOA saria ETORKIZUNA MUSIKATAN proiektuari eman zaio. Proiektu horrek musika-praktika kolektiboa erabiltzen du tresna eraginkor gisa pobreziaren, gizarte-bazterkeriaren eta kalteberatasunaren aurka borrokatzeko, eta kulturaren boterea eta musika-ikaskuntza kolektiboa aldarrikatzen ditu, gizarteratzeko eta gizartea eraldatzeko tresna gisa. Saria proiektuaren koordinatzaile María Molinuevok eta zuzendari artistiko Mariana Blancok jaso dute.

BIHOTZA BEREZIA saria Betto Snay aktibista, rapero, diseinatzaile eta, orain, Errege Magoarentzat izan da. Snay Bizkaiko hiriburuko gizarte-figura aktiboenetako bat da diseinatzaile, musikari eta ekintzaile gisa jardunez. Bertan, aktibista gisa duen grina azaleratzen da. Bilbao Historikoko presidente Borja Elorzak eman dio saria.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Bihotza Sarien 2023.  urteko edizioari eman dio amaiera, bizitzaren esparru guztietan pertsonen parte-hartzearen eta gizarte-konpromisoaren garrantzia azpimarratuz.  

Hedabideak

Urtero, abenduan, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Bilbao Historikoa - Bilboko Auzo Historikoak Sustatzeko Elkarteak Bihotza Sarien hamabosgarren edizioa antolatzen du. Bertan, Prentsak Bihotza erakusten duten Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde, Enpresa eta Profesionalei sariak ematen dizkie.

BIHOTZA SARIEN banaketa Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoen inguruan egiten den enpresa-izaerako eta proiekzio publiko zabaleko ekitaldi bakarra da. Sustatzaileen iritziz, horrek "auzo historiko horiek normalizatzeko agertoki gisa balio du, enpresa-eszenan integratuz".

Informazio gehigarria