Muruetak osasun-kontsultategia estreinatu du eta, Foruko berriarekin batera, Busturialdeko osasun-arreta hobetzen lagunduko du

2023-02-01

  • Iñigo Urkullu Lehendakariak bihar zabalduko diren instalazio zentrikoak inauguratu ditu; 63 mila euroko inbertsioa egin da haietan eta medikuaren kontsulta bat eta erizaintzako bat izango dituzte 

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur goizean, Muruetako osasun-kontsultategi berria inauguratu du, oraintsu Foruan irekitakoa bisitatu ondoren; zentro horien bidez, Busturialdean ematen den osasun-arreta hobetu nahi da.

Ekitaldietan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak eta Rosa Pérez Osakidetzako Zuzendari Nagusiak ere parte hartu dute, bai eta Julen Karrion Muruetako Alkateak ere.

Lehendakariak esandakoaren arabera, kontsultategi berri honek urrats bat gehiago dakar Euskadiko erakundeek, batetik, Euskadiko herritarren osasunarekin duten konpromisoan, eta, bestetik, lehen mailako arreta sendotzeko helburuarekin duten konpromisoan, osasun-asistentzia Euskadiko auzo, herri eta hiri bakoitzera gero eta gehiago hurbiltzen jarraitzeko. “Erakundeen erantzukizuna da elkarrekin lan egitea eta profesional horiei ahalik eta azpiegitura eta tresna onenak ematea. Lehen Mailako Arretaren eta gure osasun-sistemaren erantzuna zuzenean daude horrekin lotuta”, esan du.

Hori horrela, esan du beharrezkoa den ekonomia eta giza ahalegina egin behar dela, Euskadiko osasun-asistentzia beti harro egotea eragin digun kalitate- eta zerbitzu-mailan egoteko.

Udalbarri eraikinean dago kontsultategi berria, erdigunean, eta bihar irekiko ditu ateak. 63 mila euroko inbertsioa egin da. Instalazio modernoak eta irisgarriak ditu; haien bidez, lehengo lokaleko medikuaren kontsultaz gainera, erizaintzako bat, itxarongela bat eta komun egokituak izango dira.

Osakidetzak, 2023ko aurrekontuan, 117 milioi euro ditu haren instalazioen eta ekipamenduen modernizazioan inbertitzeko.