Mendia Lehendakariordeak proposatu du soldata berberarekiko lau eguneko astea jorratzea eta langileek erabaki estrategikoetan parte hartzea

Argitalpen-data: 

  • Elkarrizketa Sozialaren Mahaiari helaraziko dio lan-harremanen arloko berrikuntza-talde bat sortzea, kalitatezko enplegu baterako dagoeneko ezarrita dauden programak osatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak gaur Legebiltzarrean iragarri duenez, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiari proposatuko dio lan-harremanetan berrikuntza-talde bat sortzea, soldata berberarekiko lau laneguneko asteari, langileek erabaki estrategikoetan parte hartzeari eta telelanaren aukerei helduko diona.

Ekain Rico legebiltzarkide sozialistak egindako galdera bati erantzunez, politika berritzaileetan arriskatzeko erakunde eta eragile sozial eta ekonomiko guztiei egindako deia aipatu du lehendakariordeak. Gai hori egin berri den WORKinLan Summit-en jardunaldietan aurkeztutako Enpleguaren Liburu Zurian jasota dago.

Horren aurrean, emakumeen, gazteen, luzaroko langabeen edo DSBEa jasotzen dutenen talentua berreskuratzeko aukera ematen duten programa berritzaileen aurrean, Idoia Mendiak gogorarazi du gertu den Enplegu Legean ere jasoko dela, lehen aldiz, prestakuntzarako eta orientaziorako eskubide subjektiboa, enplegua lortu edo hobetzeko, aukera berrien aurreko berdintasun-berme gisa.

Baina, gainera, jakinarazi du Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren hurrengo bileran, martxoan urteko lan-plana onartu behar duenean, lan-harremanen arloko berrikuntza-talde bat sortuko dela, Euskadiren berezko eskumenetatik Gutxieneko Soldataren igoerak eta lan-erreformak ekarri dituzten hobekuntzak osatzeko.

Alde horretatik, Lehendakariordeak adierazi du saiakuntza bat proposatuko duela, soldata murriztu gabeko lau eguneko lan-asteari buruz, “parte hartu nahi duten enpresekin”, asteko abantailak eta desabantailak ebaluatzeko. Horrez gain, lantokian kodeterminazioa entseatzeko proposamena egin du, eraldaketa teknologiko sakoneko une honetan, langileei rol handiagoa emanez. Eta, azkenik, adierazi du komeni dela “ondo frogatzea” telelanak – profesional batzuek asko eskatutakoa–  beste arrisku batzuk izan ditzakeen bere eskubideetarako, “eta mekanismo batzuk antolatzea enpresa eta langile onuradunak ateratzeko”.

Idoia Mendiak, amaitzeko, berriro aldarrikatu du “enpresa- eta sindikatu-kultura berri baterantz jo behar dela, non aurreiritzirik gabe eta enpresen bideragarritasuna eta lan-baldintzen hobekuntza bermatzeko borondate osoarekin barneratu behar baita”.