Lide Amilibia: "Sekula ez da berandu hitz egiteko; mahai gainean jar dezakegu benetan zer plaza kopuru dagoen eta zer premia dugun"

2023-01-24

  • Gizarte Politiketako sailburuordeak Espainiako Gobernuari elkarrizketan jarduteko eskatu dio, Vitoria-Gasteizen errefuxiatuentzat proiektatu den makrozentroari buruzko polemikarekin amaitzeko
  • Elkarrizketa egin diote Amilibiari Radio Euskadiko ‘Boulevard’ saioan

 

Vitoria-Gasteiz, 2023/01/24

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur, Espainiako Gobernuari, elkarrizketan jarduteko eskatu dio; hain zuzen ere, Ministerioak Vitoria-Gasteizko antzinako Arana klinikan nazioarteko babesaren 350 eskatzailerentzako zentro bat zabaltzeko egin duen iragarpenak eragin duen polemikari buruz. Amilibiak gaur goizean egin ditu adierazpen horiek, Radio Euskadiren Boulevard saioko elkarrizketa batean.

“Sekula ez da berandu hitz egiteko, eta, nire iritziz, mahai gainean jar dezakegu benetan zer plaza kopuru dagoen, zer premia dagoen eta zer baliabide dugun. Baliabide berriak ezartzeko beharra ere balora dezakegu, beharrezkoa bada, baina orain arteko filosofia berarekin; alegia, ingurunearekin oso lotuta eta laguntza indibidualizatuaren aldeko apustu eginda”, esan du.

Gainera, Gizarte Politiketako sailburuordeak Inklusio, Gizarte Segurtasun eta Migrazioen Ministerioari honako hau eskatu dio: “gaurtik bertatik elkarrizketan jarduteko, “EAEra iristen diren pertsonei arreta hobea emateko”.

Lide Amilibiak asilo-eskatzaileen eta, oro har, EAEn migratzaile daudenen beharrei heltzeko puntu komunak bilatu behar direla esan du. “Orain arte, eskumenik ez dugun baina laguntzen jakin dugun arlo baten inguruan koordinatu gara haiekin”.

“Azken urteotan, baliabideak jarri dira abian Oñatin, Tolosan edo Berrizen, besteak beste, erabiltzen ez ziren eta beharrei erantzuteko gaitu ahal izan diren lekuetan. Baina irizpide komunarekin egin da: etxe zabalak dira, baina pertsona eta familia bakoitzak integrazio-prozesu indibidualizatua egiteko aukera ematen dute, eta lotura handia dute ingurunearekin”, esan du.

EAEko harrera-ereduari dagokionez, Amilibiak honako hau esan du: “tamaina txikiko edo ertaineko baliabideen aldeko apustua egiten du, ingurunearekin lotura handia dutenen aldekoa, integrazio-prozesu indibidualizatua egin ahal izateko; horretarako, funtsezkoa da profesionalak eta pertsona boluntarioak izatea, bai eta administrazio eta toki-erakundeekiko eta ingurunearekiko koordinazioa eta baterako lana ere”.

Atzo Denis Itxasok, Gobernuak EAEn duen ordezkariak, eginiko erkaketari buruzko kontsulta egin diotenean –Espainiako Gobernuak lizitatu duen errefuxiatuen zentroaren eta Eusko Jaurlaritzak Irunen iragaitzazko migratzaileei arreta emateko gaitutako baliabideen artekoa–, sailburuordeak ez du polemiketan sakondu nahi izan: “Ez zen egokia izan”, esan du.

Hala ere, argitu nahi izan du asilo-eskatzaileak eta iragaitzazko migratzaileak behar oso desberdinak dituzten bi kolektibo direla. “Irunen dugun baliabideak 150 plaza ditu iragaitzazko migratzaileentzat; bide batez, baliabide hori Espainiako Gobernuak berak Irunen finantzatzen duen beste baten parekoa da". Azaldu duenez: “baliabide horretan, egonaldia, batez beste, bi eta hiru egun bitartekoa da, eta jendeak atsedena, higienea, mugikorrak kargatzeko puntuak, Interneta eta familiartekoekin komunikatzeko baliabideak behar ditu, eta hura eskaintzen zaie”.

Lide Amilibiak, era berean, azaldu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak migratzaileentzako aholkularitza juridikorako bulego-sare bat duela: Aholku Sarea. “Gure eredua ez da soilik plazetan oinarritzen; era berean, bertora geratzeko datozen euskal herritar berriei zerbitzuak eskaintzearen aldeko apustua egiten dugu, asilo-eskatzaileak izan zein migratzaile ekonomikoak izan”. Esan duenez, Atzerritartasunaren arloko Arreta Juridikorako Euskal Sareak, dagoeneko, 28 informazio-gune ditu, EAEko geografian banatuta: 10 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 8 Araban. Gainera, bide telematikoen bidez ere ematen da informazioa; zerbitzu online bat dago eta beste bat telefono bidezkoa.