Lehendakariordeak udalek Enpleguaren Euskal Legean duten zeregina bultzatzearen aldeko apustua egiten du

2023-01-11

  •  Lehenengo aldiz, berariaz aitortuko da udal-funtzioa, finantza-baliabideak bermatuta

 

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia udalek enpleguaren eremuan duten zeregina bultzatzearen alde azaldu da, eta ziurtatu du hurrengo Enpleguaren Euskal Legeak, lehen aldiz, “berariaz aitortuko duela udal-funtzioa, finantza-baliabideak bermatuta, Lanbideren zuzendaritzapean”.

Mendiak Gasteizen parte hartu du gaur Arabako hiriburuko 2023ko Enplegu Planaren aurkezpenean, Maider Etxebarria alkateorde eta Ekonomia Sustapen eta Enpleguko zinegotziarekin batera.

Gogorarazi du erakundeek enpleguaren arloan hedatutako estrategia fruituak ematen ari dela, gertatzen ari den guztia gorabehera, eta “gaur egun inoiz baino pertsona gehiago daudela lanean eta eskubideak dituztenak”. Horrez gain, adierazi du plan hori Gasteizen jarri dela abian, “udal-agintaldi honetan langabezian dauden pertsona kopuru txikienarekin eta hiriaren historiako Gizarte Segurantzako afiliatu gehienekin”. Horregatik, Lehendakariordeak azpimarratu du enpleguaren aldeko ahalegin bateratu horretan “erakundeen maila guztien eta inplikatzeko prest dauden eragile ekonomiko guztien arteko lankidetza zintzo eta leialaren” aldeko apustua.

Alde horretatik, Mendiak aitortu du “udalak direla eskura izan ditzakegun antena onenak, egunero kale eta auzoekin lotuenak direnak direlako, eta horiek iradokitzen dizkigutelako errealitate horri lotutako jarduketak”. Horregatik, “uste sendo hori Euskadik izango duen lehenengo Enplegu Legera eramango dugu”, zeinak aitortuko baitu udalek funtsezko zeregina dutela enplegu-politika publikoetan.

Enplegu-politikek hamarkada bat daramate transferituta, eta denbora horretan udalek, aldundiek eta beste eragile batzuek enpleguaren aldeko neurriak bultzatu dituzten arren, Mendiak azpimarratu du apustu hori berritzailea dela. “Argi daukagu hemen ez dagoela inor soberan, baina jardun horiek antolatu behar ditugu eraginkorrak izateko”, erantsi du, eta horregatik “komeni da erakunde bakoitzaren zeregina definitzea".

Uste sendo hori legean jasoko da lehen aldiz, hurrengo asteetan Eusko Legebiltzarrera bidaliko dena. Bertan, “lehenengo aldiz, berariaz aitortuko da udal-funtzioa, finantza-baliabideak bermatuta, Lanbideren zuzendaritzapean”. Era berean, zehaztu du proposamen hori “ondo jaso duela Eudelek, eta dagoeneko baduela Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren berariazko bermea, beste erakunde batzuen artean”.