Lehendakariak ziurtatu du Pasaia eta bere portua azpiegitura estrategikoa eta funtsezko atala direla Euskadiren etorkizunean

2023-01-30

  • Iñigo Urkulluk Pasaiara egindako bisitan hartu du parte gaur goizean. Bertan, erakundeak herriko ekonomia, hirigintza, gizartea eta kultura biziberritzeko eta suspertzeko egiten ari diren ekintzak aurkeztu dira
  • Erakundeen arteko lankidetzari esker 162 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta 12 proiektutan gauzatuko da

Lehendakariak ziurtatu du Pasaia eta portua azpiegitura estrategikoa eta funtsezko atala direla Euskadiren etorkizunean. Iñigo Urkulluk Pasaiara egindako bisita instituzionalean hartu du parte gaur goizean. Bisita horren helburua izan da herritarrei helaraztea erakundeek benetako apustua eta inplikazioa dutela Gipuzkoako herri horren ekonomia, hirigintza, gizartea eta kultura biziberritzeko eta suspertzeko. Lehendakariaz gain, Arantxa Tapia eta Bingen Zupiria sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Izaskun Gómez Pasaiako alkatea eta Joakin Tellería Pasaiako Portuko presidentea izan dira bisitan.

Ekitaldia goizeko lehen orduan hasi da, erakundeetako ordezkari guztiek Albaola ontziola-museoan izan duten bilerarekin. Bilera horretan, suspertze integraleko proiektua aztertu da, izan ere, epe labur eta ertainean jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta zonaldeko hiri-espazio eta ekipamendu degradatuak birgaitzeko eta berreskuratzeko aukera emango du proiektu horrek.

Ondoren, erakundeetako arduradunek erakusketa ibiltaria bisitatu dute. Bertan, gauzatzen ari diren proiektuak erakusten dira.

Hitzaldiak hasi direnean, Lehendakariak adierazi du uste osoa duela aurreikusitako inbertsioek enplegua sortzen lagunduko dutela eta, beraz, langabezia jaisten. Gogorarazi du Euskadiko langabezia-tasa % 8,6koa dela. Datu hori ona bada ere, hori hobetzen jarraitu behar dugula esan du.

Aurkeztu diren proiektuen artean, Iñigo Urkulluk honako hauek nabarmendu ditu: Adinberri zentroa, "Topoa" lurperatzea, Lezo eta Pasai Donibane lotuko dituen bidegorria eta Herrerako iparraldeko SPRI eraikin berria. Horiek guztiek pasaitarren eta inguruko herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko dutela ziurtatu du.

“Hori guztia erakundeen arteko lankidetzari esker. Ez zait bururatzen inbertsio bat egiteko modu egokiagorik” esan du amaitzeko.