Lehendakariak "That time. Artearen aroak" erakusketa inauguratu du

Argitalpen-data: 

  • Erakusketa Bilboko Arte Eder Museoaren eta Tabakaleraren arteko lehen lankidetzaren emaitza da
  • Museoko 100 artelan baino gehiagok eta Tabakalerako hiru sorkuntza berrik osatzen dute erakusketa

Iñigo Urkullu lehendakaria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriarekin batera, “That time. Artearen aroak” erakusketaren inaugurazioan izan da. Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak aurkeztutako erakusketa.

Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk nabarmendu du erakusketa honek bilduma baten eta duela gutxiko sorkuntzaren arteko lotura duela, “museo baten eta fabrika baten, 115 urte dituen Museoaren eta 10 urte baino gutxiago dituen Kultur Ekoizpen Zentroaren arteko lotura”. Lehendakariaren arabera, denborari buruzko hausnarketa kritikoa eta beharrezkoa planteatzen du erakusketak, “atzerapausoez ohartarazten duelako; herriak gizarte askeago, bidezkoago eta solidarioago baterantz joatea sustatzen duelako”.

Bi erakundeek beren lehen lankidetza estreinatu dute, Bilboko museoak une honetan egiten dituen handitze-lanen ondorioz sortutakoa. Ildo horretan, Lehendakariak nabarmendu du Bilboko Arte Ederren Museoa itxita dagoen arren, ate berriak irekitzeko urratsa ematen dela, “euskal lurralde osora zabalduz, lankidetzak eginez, espazio eta garai desberdinekin topatuz, bere bildumako bitxiak begirada, irakurketa eta testuinguru berriei eskainiz”.

Inaugurazio-ekitaldiaren aurretik, 2015ean inauguratu zenetik Tabakalerak izan duen erakusketarik handiena bisitatu da: 1.500 m2-ko erakusketa, 500 metro karratu baino gehiagoko ohiko erakusketa-espazioa handituz eta lehenengo solairuan zehar ibilbide zirkular bat sortuz. Erakusketa 100 artelan baino gehiagok osatzen dute, Bilboko museoaren bildumaren zati garrantzitsu bat, eta Tabakalerak ekoitzitako eta erakusketa honetarako berariaz garatutako obra berriekin osatzen da.

That Time. Artearen aroak

That Time. Artearen aroak. Tabakalera-Bilbao Museoa erakusketak Samuel Beckett eleberrigile eta antzerkigileak 1974ko ekainaren 8tik 1975eko abuztura ingelesez idatzi zuen That Time obra du abiapuntu. Gaztelaniaz “Aquella vez” izenburupean argitaratu zen lan hori. Obrak hiru ahots ditu, eta horiek, aldi berean, hiru denboratara garamatzate. Ahots horiek ikuslea denboraren hiru alderdiren aurrean jartzeko bertutea izango lukete, orainaren ideiarekin erraz uztar daitezkeenak: iraganaren oraina, orainaren oraina eta etorkizunaren oraina.

Becketten denbora ziklikoaren ideia positibismoaren denbora linealari egindako kritikarekin bat dator, hein handi batean artearen historiografiak bere bertsio ospetsu eta bermasterizatu garaikideetan bere gain hartzen baitu. Alde horretatik, That Time erakusketak proposatzen du bisitariak hainbat obraz gozatu ahal izatea, aldi baterako jauziak, etenak eta gurutzatzeak hobeto ulertzen laguntzen dutenak, behin-behinekotasunaren esparruan gertatzen direnak, eta inola ere ezin dira norabide bakarreko aurrerapen gisa deskribatu. Ildo beretik, erakusketak hartuko duen espazioak denboraren zirkulartasunaren ideia indartuko du erakusketa bisitatzeko esperientziatik bertatik hasita.

Erakusketaren komisarioak bi erakundeetako lantaldeetako kideak dira: Miriam Alzuri, Arte Ederren Bilboko Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen Kontserbatzailea, eta Oier Etxeberria, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Programa Publikoaren arduraduna.

Informazio gehigarria