Lehendakaria: "Etorkizuneko Euskadi arrakastatsua izango da helburu bera lortzeko buru-belarri lan egiten duten pertsona ekintzaileak eta langileak baditugu"

Argitalpen-data: 

  • Iñigo Urkulluk amaiera eman dio ADEGIk antolatutako 2023 Enpresa Egunari, pertsona ausart eta konprometituen jarrera, esperientzia eta ibilbidea aitortuz
  • Lehendakariak bat egin du lan-kultura berrian eta errotzean, talde-lanean, prestakuntza-inbertsioan, eraginkortasunaren eta etengabeko hobekuntzaren kulturan edo erronka berrietara egokitzeko gaitasunean oinarritutako lanaren eta antolaketaren kultura bultzatzearekin
  • Datorren asteartean, Gobernu Kontseiluak Finantzen Euskal Institutuaren lege-proiektua onartuko du, erregulazioa ekonomiaren eta araudiaren errealitate berrira egokitzeko

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera, amaiera eman dio ADEGIk urtero antolatzen duen 2023 Enpresaren Egunari, pertsona ausart eta konprometituen jarrera, esperientzia eta ibilbidea aitortuz. “Enpresa proiektu komun batean konprometitutako enpresaburuen eta langileen batura bezala ulertzen dut. Etorkizuneko Euskadik arrakasta izango du helburu bera lortzeko buru-belarri lan egiten duten pertsona ekintzaileak eta langileak baditugu”, adierazi du.

Ekitaldia Fabrika zentroan egin da, Erakundeen Trantsizio Kulturalerako diseinatutako lehen Errendimendu Handiko Zentroan. Bertan, Urkulluk lan-kultura berrian eta errotzean, talde-lanean, prestakuntza-inbertsioan, eraginkortasunaren eta etengabeko hobekuntzaren kulturan edo erronka berrietara egokitzeko gaitasunean oinarritutako lanaren eta antolaketaren kultura defendatu du. Halaber, enpresaren kontzeptu berria ere partekatu du, proiektu komun gisa ulertuta.

Gipuzkoako enpresarien urteroko bileran, Lehendakariak iragarri du datorren asteartean Gobernu Kontseiluan onartuko dela eta Legebiltzarrera bidaliko dela Finantzen Euskal Institutuaren lege-proiektua. Urkulluren arabera, helburua Finantzen Euskal Institutuaren erregulazioa errealitate ekonomiko eta normatibo berrira egokitzea da, “gure produkzio-ehunari ematen zaion laguntza hobetzen jarrai dezagun, gure esku dauden tresna guztiekin haren hazkundea eta sendotzea bultzatuz”

SARIAK EMATEA

Ekitaldian zehar, hiru sari banatu dira. Alde batetik, Enpresa Jasangarriaren ADEGI Saria, Ternua Import Arrasateri emana, jasangarritasunaren aldeko apustu argi, zehatz eta ukigarria egiten duten Gipuzkoako enpresei ematen denaa, maila estrategikoan zein operatiboan. Era berean, Gipuzkoako Enpresa Berriaren ADEGI Saria eman zaio Irisbond SLri, 10 urte baino gutxiagoko antzinatasuna duen Gipuzkoako enpresa nabarmendu berri honi aintzatespena eman zaio. Azkenik, Kultur Trantsizioaren ADEGI Saria Spanset enpresari eman zaio, sari horrek enpresen kultura eraldatzeko modu irmoan lan egiten duten enpresak saritzen ditu.

Lehendakariak, lankidetzatik, jasangarritasuna, ekintzailetza eta trantsizio kulturala bultzatzea defendatu du. “Jarrera berria eta kultura berria eskatzen diguten erronkei aurre egin behar die Euskadik”, gaineratu du.

Informazio gehigarria