Lehendakaria Alain Rousset-ekin bildu da

2023-01-27

Iñigo Urkullu Lehendakaria Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko presidente eta Euroeskualdeko egungo presidente Alain Roussetekin bildu da gaur goizean.

Bilera honetan proiektu komunen balantzea egiteko aukera izan dute. Proiektu horiek funtsezkoak dira mugaz gaindiko herritarren beharrei erantzuna emateko. eta trantsizio ekologiko eta energetikoen ondoriozko erronkei erantzuteko.

Aldiriko trenak

Baiona eta Donostia arteko aldiriko trenbide-lotura berri bat garatzeko hipotesiei buruz hitz egin dute, eta proiektu hori babesteko borondate irmoa dutela azpimarratu dute.

Atlantikoko Trenbide-Korridorea 

Era berean, bat egin dute Espainiaren eta Frantziaren arteko interkonexioak Europako Batzordeak aurreikusitako epeetan amaitzeko erabakiarekin. Ildo horretan, Espainia eta Frantziako estatuek hartutako konpromisoen aplikazioan aurrerapausoak eskatu dituzte. Bereziki, Europa Barneko Garraio Sareko Trenbide Korridore Atlantikoa osatzeko lanak hasteari dagokionez eta Frantziako agintariak konprometituko dituen lan-egutegi bat eskatu dute.

Bi presidenteek ekimen bateratuak egingo dituzte eragile sozioekonomikoak eta politikoak, bi estatuetako gobernuak eta Europako erakundeak mobilizatzeko.

Eleaniztasuna eta hizkuntza-politika

Bi lurraldeetako hizkuntzen ezagutza indartzea eta sustatzea adostu dute. Bereziki, mugaren bi aldeetan euskararen aldeko eta Euskadin frantsesa ikastearen aldeko politika publikoak indartzeko konpromisoa hartu dute. 

Horri dagokionez, Interreg POCTEFA programak hainbat milioi euro bideratuko ditu berariaz lehentasun hori finantzatzeko.

Hidrogenoa

Alor horretan, Hidrogenoaren Mugaz gaindiko Korridore Atlantiko baten garapenean parte hartzeko borondate partekatua azpimarratu dute. Alde bietatik azpimarratu dute bazkide ekonomikoekin sektore hori eratzeko nahia, trantsizio energetikoaren oinarrietako bat delako,  eta ekimen hori Euroeskualdearen lurraldera zabaltzeko nahia adierazi dute.

Muga irekitzea

2021eko urtarriletik itxita dauden muga-pasabideak berriz irekitzeko eskaera berretsi dute.