- Pérez Barredok Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Batasun Aurrerakoiaren jardunaldiak inauguratu ditu gaur
Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok ziurtatu duenez, Ikuskaritza tresna da enpresek lan-baldintza onenak eskain ditzaten, langileengan eta beren eskubideetan inbertituz, "hori baita lehiakortasun-nitxo nagusia".
Pérez Barredok Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Unión Progresistaren jardunaldi teknikoak inauguratu ditu gaur Bilbon. Lourdes Iscar Osalaneko zuzendari nagusiak eta Ángel Lapuente Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariak ere parte hartu dute ekitaldian.
Bere hitzaldian, Pérez Barredok eskerrak eman ditu parte hartzera gonbidatzeagatik, ikuskatzaileen helburuak "gure helburuak" direlako, eta nabarmendu du Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak zuzentzen duen sailak eskubideak sendotu eta zabaltzeko egin duen apustua. "Eskubideak guztiek defendatu behar dituzte, baina publikotik bakarrik bermatzen dira", adierazi du.
Ildo horretan, gogorarazi du Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak zigortu egiten duela "eta zorroztasunez egin behar duela eskubideak urratzen diren bakoitzean, baina bere funtsa ez dela zigortzailea, baizik eta legeria behar bezala aplikatzen laguntzen duela". Bere ustez, Ikuskaritza da edonork bere eskubideak, baita enpresak ere, babestu nahi dituenean balia dezakeen gunea, "guztiak ateratzen direlako onuradun, betebeharrak betetzean zorrotzak badira. Betetzen ez dutenak dira, eta ez Ikuskaritza, betetzen dutenei kalte egiten dietenak, langileen eskubideen kontura lehia desleiala egiten dutelako ".
Horregatik, honako hau ziurtatu du: "enplegua sortzen duenarengana jo behar dugu esateko Ikuskaritzak bere asmoetan lagundu nahi duela, gauzak ondo egiteko erraztasunak eman nahi dizkiela", eta hori soilik egin daiteke, gaineratu duenez, "langileengan eta haien eskubideetan inbertitzen bada, hor dago lehiakortasun-nitxo nagusia. Euskadiko enpresarik onenak lan-baldintza onenak eskaintzen dituztenak dira, eta Ikuskaritza horretarako tresna bat da ".
Kalitatezko enpleguarekiko konpromisoa
Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak nabarmendu du Ikuskaritza indartu egin dela, eta dagoeneko abian jarritako neurriak aipatu ditu, hala nola ikuskatzaileen eta ikuskatzaileordeen plaza gehiago sortzea, "funtzio publiko horretara sartzeko aukera-berdintasuna helburu izan dadin” lehen aldiz bekak emateko deialdia egitea, edo baliabide materialak eta teknologikoak indartzea, hala nola iruzurraren aurka borrokatzeko tresna, arintasun handiagoa ematen baitu, mugikortasuna hobetzen baitu eta izapideak arintzen baititu.
Era berean, adierazi du sustatu dela Ikuskaritza modu aktibo eta didaktikoan egotea plan estrategiko guztietan eta zeharka Lan eta Enplegu Sailaren jarduketetan. "Webgune espezifiko bat ireki dugu, enpresek eta herritarrek jakin dezaten zer eskubide eta betebehar dituzten, eta postontzi anonimo bat dugu, salaketak ondorio pertsonalak izango dituen beldur ez izateko", gaineratu du.
Azkenik, Pérez Barredok Ikuskaritzaren lanari buruzko pedagogia egitearen eraginkortasuna aipatu du, baita Gizarte Elkarrizketako Mahaiaren esparruan sortutako Ikuskaritzaren Aholku Batzordearekin parte hartzearen aldeko apustua ere, gizarte-eragileek etengabeko hobekuntzan ere parte har dezaten, hori guztia kalitatezko enpleguarekiko konpromisoaren barruan sartzen baita.