Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroa eguneratzen duen Dekretua onartu da, Berdintasun-planak sartzeko (Gobernu Bilera 2023-2-14)

fotoconsejo.jpg

2023-02-14

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta -akordio kolektiboen Erregistroa aldatu eta arautzen duen Dekretua onartu du gaur, Berdintasun-planak sartzeko. 

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, orain arte indarrean egon dena (9/2011) eguneratzen duen Dekretua berretsi du Kontseiluak, eta egungo araudira egokitu du. Haren helburua da Enpresetako Berdintasun Planen Erregistroa sartzea Euskal Autonomia Erkidegoko lan-agintaritzaren mendeko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen Erregistroan, eta denborarekin zaharkituta geratu diren arau-erreferentziak eguneratzea. 

Enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko 6/2019 Errege Lege Dekretuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoa aldatu zuen. Zehazki, enpresetako Berdintasun Planen Erregistroa sortzea ezartzen duen atal bat gehitu zuen. Gainera, honako hauek agindu zituen: diagnostikoaren erregelamendu-garapena, edukiak, gaiak, soldata-auditoretzak, berdintasun-planen jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistemak, eta Berdintasun-planen Erregistroa, eraketari, ezaugarriei eta izena emateko eta sartzeko baldintzei dagokienez. 

Agindu hori betez, 901/2020 Errege Dekretua eman zen, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko guztia aldatzen duena. Errege-dekretu horren xedea da berdintasun-planen erregelamendu bidezko garapena eta diagnostikoa egitea.