Lanbidek 67 milioi euroko laguntzak onartu ditu Enplegu-Zentro Berezietarako eta familia bateragarri egiteko

Argitalpen-data: 


      Lanbide-PRINCIPAL-POS.png

Gaur, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 67 milioi euroko hainbat laguntza-deialdi onartu ditu. Laguntzen artean, bi dira nabarmentzekoak: bata, familia eta lana bateragarri egitera zuzendua; eta bestea, desgaitasuna duten pertsonek Enplegu Zentro Berezietan dituzten lanpostuak mantendu ditzaten bideratua.

Lanbideko Administrazio Kontseiluak argi berdea eman dio 2,2 milioi euroko partida bati. Partidak xede du familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak ematea.  Zehazki, diruz laguntzen da langabeen kontratazioa; zertarako eta eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu duten langileak ordezkatzeko.  Ordezkatutakoak besteren konturako langileak edo kooperatiba-sozietateko langileak dira. Langile horiek eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu dute seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo oso osasun-egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko. Era berean, aurretik lanaldi partzialerako kontratatutako langile baten lanaldia luzatzeko diru laguntza ematen da (eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dagoen beste langile baten lanpostua betetzeko).

2022an, orotara, 683 kontratu diruz lagundu ziren. Horietatik, 517 kontratu emakumeenak izan ziren, eta 166 gizonenak. Halaber, 377 kontratu kontratazio berriak izan ziren; eta 306 luzapenei eta/edo lanaldi-luzapenei zegozkien. Ordezkapen horien arrazoi nagusia adingabeak zaintzea izan zen (661 kontratu), eta soilik 22 kontratu egin ziren mendekoak zaintzeko. Orotara, 209 enpresa onuradunek jaso zituzten laguntza horiek. Eta milioi bat euroko aurrekontua gauzatu zen. Aurreikusita dago, 2023an zehar, gutxi gora behera 1.500 pertsonaren kontratazioa finantzatzea.

Lanbideko Kontseiluak beste hainbat laguntza ere onartu ditu. Laguntzek xede dute desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak Enplegu Zentro Berezietan mantentzea. Laguntza horiek 64,2 milioi euro izango dituzte; alegia, 2022an baino 4,8 milioi gehiago.  Kontratatutako pertsonen soldata-kostua estaltzeko diru laguntza unean-unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 50ekoa izango da, lanaldi osorako kontratatutako langile bakoitzeko. Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen kasuan (hots, garuneko paralisia, gaixotasun mentala, desgaitasun intelektual, fisiko edo sentsoriala edo espektro autistako nahasmendua), laguntzak % 55era igoko dira. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, egindako lanaldiarekiko proportzionala izango da.

Iaz, batez beste, hilean 9.608 lanpostu diruz lagundu ziren. Zenbatekoa, guztira, 59,4 milioi eurokoa izan zen. Aurtengo deialdian aurre ikusten da gastua nabarmen handiko dela; zeren eta igo egin dira bai  Lanbideen arteko Gutxieneko Soldata, bai eta eman beharreko laguntzen kopurua (kontratatutakoek  laneratzeko zailtasun bereziak dituztenean).

Onartutako beste partida bat langabeziagatiko prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen duten pertsonei Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzera bideratutakoa da. Laguntza horien bidez, langile horiei Gizarte Segurantzari dagokion araubideari dagokion kuotaren % 50 finantzatzen zaie (langile autonomo gisa, gutxieneko kotizazio-oinarriaren gainean kalkulatuta), edo Gizarte Segurantzaren dagokion erregimeneko kotizazioetan langileak egindako ekarpenaren % 100, (ordainketa bakarreko modalitatean jaso izan ez balitz langabezia-prestazioa jaso izan balitz). Gaitutako partida 500.000 eurokoa da.

2022ko deialdian, lan elkartuko kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide langile gisa sartu ziren langabeen 780 eskabideri eman zitzaien dirulaguntza; edo langile autonomo gisa eratu ziren. Orotara 262.000 euroko aurrekontua gauzatu zen.

Azkenik, Lanbidek laguntza bereziak onartu ditu enplegu-erregulazioko espedienteek eragindako langileentzat (hain zuzen ere, 76/2000 eta 25/2001 (SINTEL). Deialdiaren zenbatekoa 28.800 eurokoa da (2022koaren antzekoa).