Lanbidek 18 milioi euro onartu ditu gazteak, emakumeak maskulinizatutako sektoreetan eta desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Halaber, pakete horrek barne hartzen ditu: ekintzaileentzako laguntzak, langabeak prestatzeko eta kontratatzeko laguntzak, gehi hizkuntza-gaikuntzara bideratutakoak

Gaur, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 18 milioi euroko hainbat laguntza-deialdi onartu ditu; zertarako eta, enpleguaren arloan, hainbat kolektibori laguntzeko. Nabarmentzekoak dira ondoko xedea dutenak: toki-erakundeek gazteak kontratatzea; langabeak prestatzea eta kontratatzea (oro har, bai eta bereziki emakumeak eta gizonak kontratatzea eremu maskulinizatu eta feminizatuetan ere);ekintzaileak laguntzea; desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzea (lan-merkatu arruntean); eta langabeek zein landunek euskarazko hizkuntza-gaitasuna jasotzea.

Kontseiluak 8 milioi euroko diru laguntza onartu du toki entitateek gazteak kontrata ditzaten (FSE Plus programaren barruan). Laguntzek xede dute Udal erakundeek kontratatu ditzaten Lanbiden eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda dauden 16 eta 30 urte bitarteko gazte langabeak. Laguntza horien bidez, gazteen enplegagarritasuna hobetu nahi da (esperientzia profesionala hartuta). Kontratuek 8 eta 12 hilabete arteko iraupena izango dute. Lanaldi osokoak izan behar dira. Eta egin beharreko lanak kontratatutako pertsonaren kualifikazio-mailaren araberakoa izan beharko du. Iaz, programa horri esker, 19 erakundek 197 pertsona kontratatu zituzten (orotara, 6,4 milioi euro). Aurtengo zuzkidura milioi bat eta erdi handitu da (2022koren aldean). Eta espero da 271 kontratu finantzatzea, 47 udalerritan.

Beste deialdi bat ere onartu da, ekintzaileei laguntzeko (orotara, aurten, 3,7 milioi euro). Laguntzek lau lerro jorratuko dituzte: enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak; proiektu berriak abian jartzeko laguntzak; proiektua ezartzeko laguntzak; eta, azkenik, enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak. Deialdi honetan, aurreikusten da tokiko erakundeek ekintzaileak lagunduko dituztela eta tutoretza emango dietela.

Langabeen prestakuntza eta kontratazioa

Aparte, Lanbidek hainbat deialdi jarri ditu abian, langabetuak prestatzeko eta kontratatzeko. Alde batetik, 3 milioi euro bideratuko dira, oro har, langabeentzako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko (beti ere, kontratatzeko konpromisoarekin). Ildo horretatik, berriro aterako da Morrokotudak programaren deialdia (emakumeak prestatzeko eta kontratatzeko, sektore maskulinizatuetan). Dagoeneko, bi esperientzia arrakastatsu burutu dira. Aurtengoak, berriz, helburu du gizonak sektore feminizatuetan sar daitezen sustatzea. Bi milioi euroko zuzkidura du, milioi bat kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-jardueretarako erabiliko da, eta gainerako milioia lan-kontratuak finantzatzeko.

Era berean, 850.000 euroko laguntzak onartu dira; zertarako eta desgaitasuna duten pertsonak enplegua lan-merkatu arruntean sar daitezen sustatzeko. Hartara, honakoak lagunduko dira: kontratu mugagabeak; enplegua sustatzeko edo prestakuntzarako kontratuak, baldin eta aldi baterakoak izatetik mugagabeak izatera igarotzen badira lanpostuak egokitzeko eta kontratazio berriekin lotutako oztopoak ezabatzeko neurriak. Enpresentzako diru laguntzaren zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da (kontratua lanaldi osokoa bada), eta itundutako lanaldiarekiko proportzionala, (lanaldi partzialekoa bada). Laneratzeko zailtasun bereziak dituen pertsona bat kontratatzen bada, laguntza 8.000 eurokoa izango da. Eta kontratatutako pertsona emakumea bada, diru laguntzaren zenbatekoa % 10 handituko da. Iaz (2022), 136 lanposturi eman zitzaien diru laguntza (orotara, 498.000 euro). Aurten (2023) zuzkidura 150.000 euro handituko da. Eta aurreikusten da 150 kontratazio mugagabe finantzatu ahalko direla.

Azkenik, 400.000 euroko zuzkidura bati esker, berritu egin da Lanbideren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-mandatua. Horrek xede du Lanbidek programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten bai langabeek bai landunek euskara ikastaroak egin ditzaten.