
PRENTSA-OHARRA
Lehiaren Euskal Agintaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan 2022an emandako laguntzei buruzko txostena onartu du, arlo horretan argitaratzen duen hirugarrena.
I+G+Bra bideratutako ehuneko handiaren atzetik, enplegurako laguntzak kokatzen dira, % 32,4 hain zuzen ere. Guztira, Euskadin emandako laguntza publikoen zenbateko osoa 261,33 milioi eurokoa izan zen iaz, BPGaren % 0,31.
2023ko abenduaren 29a
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) hirugarren urtez jarraian argitaratu du EAEko Laguntza Publikoen Txostena, 2022. urteari dagokiona. Dokumentu honen helburua da laguntza publikoen arau-esparrua hobeto ezagutzen laguntzea, Euskadik 2015etik 2022ra emandako laguntzen azterketa estatistikoa egitea eta Espainiarekin eta Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko estatu kideekin alderatzea.
Lehiaren Euskal Kontseiluak pasa den ostegunean onartutako txostenaren arabera, Euskadin emandako laguntza publikoen zenbateko osoa 261,33 milioi eurokoa izan zen 2022an. BPGrekiko termino erlatiboetan, % 0,31. Txostenak adierazten du, halaber, BPGrekiko laguntza erregularren bolumena pixkanaka handituz joan dela 2015etik 2022ra arte Erkidegoan, eta azken urte horretan berriro suspertu zen, 2021ean izandako murrizketaren ondoren. Zehazki, BPGren % 0,27 izan zen 2020an, eta BPGren % 0,23 2021ean.
Esparruei dagokienez, nabarmentzekoa da I+G+Bra bideratutako laguntzen ehuneko handia ( % 52). Ondoren, enplegura bideratutakoak ( % 32,4) eta ETEentzako laguntzak ( % 13,7) kokatzen dura. Kulturarako eta ondarea kontserbatzeko laguntzak laguntza horizontal guztien % 1,8 dira, eta, azkenik, ingurumenak eta eraginkortasun energetikoak % 0,12 jaso zuten.
Txostenean jasotzen den beste datu bat da dirulaguntzaren erabilera masiboa Euskadin laguntza-tresna gisa. 2015ean % 76,99koa zen datua % 96,46raino igo da 2022an, eta beste metodoak % 1,4 inguruan geratu dira: mailegu edo aurrerakin itzulgarriak eta abantaila fiskalak.
Txostenak 2015-2020 aldiari buruzko datuak erabiltzen ditu Euskadiko laguntzak Espainiakoekin eta EBkoekin eta Erresuma Batukoekin alderatzeko, horiek baitira MLBNk argitaratutako azkenak. Horien arabera, Euskadin laguntzaren ehuneko handienak I+G+b du helburu ( % 86); Espainian, eskualde-garapena du helburu ( % 63); Europar Batasunean eta Erresuma Batuan, berriz, laguntzaren ehuneko handiena ingurumenaren eta energia-eraginkortasunaren helburuak jasotzen du ( % 55).
Txostena esteka honetan dago eskuragarri.
Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.