Kuartangoko estazio megalitikoaren balioa nabarmentzeko proiektura bisita egin dute gaur Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak, Kuartangoko Udaleko eta Andako Administrazio Batzarreko ordezkariek, Alfonso Alday arkeologoak, Luis Miguel Martínez Torres geologoak, Ondare Babesa eta Atalaya sozietateko kide batzuek eta proiektuan inplikatutako beste pertsona batzuek. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak 260.771,86 eurorekin finantzatu dute proiektuaren azkeneko fasea.
Bngen Zupiria sailburuak adierazi duenez “proiektu hau plangintza, arrazionaltasuna, ezagutza zientifiko eguneratua eta ondare arkeologikoa eta haren inguruko paisaia- edo ingurumen-testuingurua errespetatzen dituzten esku hartzeko irizpideak errespetatuz garatu da. Erakundeon ardura da gure ondarea irisgarri bihurtzea, terminoaren zentzurik zabalenean, bailara horretan bizi diren herritarrak eta bisitatzen duten pertsonak haren balioaz jabetzeko eta sentsibilizatzeko, berezko zerbait bezala barneratu eta zaintzan inplika daitezen. Egindako lanak denboran iraungo duela bermatzeko modurik onena izango da hori”. Zupiriak gaineratu duenez ondarearen zaintzan “ezinbestekoa da erakundeen arteko lankidetza eta oraingoan ere horrela izan da".
“Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren ustez – adierazi du Del Valek –, proiektu honek interes publikoa du zalantzarik gabe, eta hortik dator hasiera-hasieratik hartan lankidetzan jarduteko dugun borondatea. Legegintzaldiaren hasieran hartu genuen konpromisoetako bat izan zen Arabako ondare arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta hura induskatzeko, zaharberritzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko zereginari lotzea, eta krisi gorrian inbertsioa geldiarazi ez bagenuen, ekonomia berpizteko fasean, are gehiago, ahal bada, jauzi kualitatibo bat egin behar zen, ondareaz maila kulturalean eta humanistan pentsatuz, baina orobat turismoa erakartzeko duen ahalmenaz. Horrengatik, toki administrazioen eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetasuna lortzen saiatu gara, hura finantzatu ahal izateko. Horrengatik, eskerrak eman behar dizkiogu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, azken fase honen erdia baino gehiago finantzatzeagatik, erakundeen arteko lankidetzaren beste adibide bat”.
Oraingo lanak
Azkeneko fase honetan egindako esku-hartzea ondoko lau puntu hauetan laburbil daiteke:
- Orain dela hamarkada batzuk egindako ikerketa lanak osatzea: San Sebastian Hegoa, Gurpide Iparra eta Gurpide Hegoa trikuharriak induskatu dira; San Sebastian Iparran, berriz, esku-hartze txiki bat baino ez da egin lauza bat birkokatzeko. Emaitzak interesgarriak izan dira, baina hondakin material gutxi ekarri dituzte, trikuharriak hamarkada batzuk lehenago induskatu zirelako.
- Lehendik zeuden egitura arkeologikoak eta orain induskatutakoak sendotzea: trikuharrien ganberak finkatu dira lauzen egonkortasuna bermatzeko, eta eremu arazotsuenak babestu eta ziurtatu dira.
- Zabalkundea: panel berriak eta informazio baliabide osagarriak jarri dira aztarnen interpretazioa errazteko eta egokiro bisitatzea ahalbideratzeko.
- Babesa: hesiak eta itxiturak hobetu dira, aztarnak babesteko eta ikustaldia errazago egiteko.
Kontserbazio egokia behar duen monumentu multzoa
Kuartangoko trikuharrien estazioa osatzen duten lau trikuharriei izen hauek ematen zaizkie: San Sebastian I edo Iparra, San Sebastian II edo Hegoa, Gurpide Iparra eta Gurpide Hegoa. 2011tik, kultura ondasun bereziak eratzen ditu 183/2011 Dekretuak, zeinaren bidez kultura ondasun gisa kalifikatzen baitira, monumentu multzo kategoriarekin, Arabako Lurralde Historikoan dauden behe lurretako trikuharriak. Jabetza publikoko larre lurretan daude, A-68 autobideak eta Bilbo-Miranda de Ebro trenbideak mugatutako espazio batean, Anda eta Katadio herrietatik gertu, Kuartango udalerrian.
Kuartangoko estazio megalitikoaren balioa nabarmentzeko proiektuak 2020-2022 urteetarako jarduketak planteatzen zituen, 260.771,86 euroko aurrekontu orokorrarekin. Eusko Jaurlaritzaren Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta ezagutarazteko dirulaguntzen deialdiaren bitartez Eusko Jaurlaritzak 139.653 euroko dirulaguntza ematea onartu du (kopuru orokorraren % 53,55). Arabako Foru Aldundiak bere gain hartu zuen gainerako zenbatekoa, hau da, 121.118,86 euro.
Beraz, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak batera finantzatuko dute 260.771,86 eurorekin Kuartangoko Estazio Megalitikoari balioa emateko proiektua. Egindako lan guztiak, 2018tik 2022ra, 362.129,95 euro izan dira guztira; horietatik, Arabako Foru Aldundiak % 61,4 inbertitu du, eta Eusko Jaurlaritzak % 38,6.