Josu Erkorekak aste honetan Torreviejan egingo diren "European Police & Fire Games" jokoetan parte hartuko duen Ertzaintzako taldea hartu du

Argitalpen-data: 

  • Irailaren 29tik urriaren 7ra bitartean Europako kirol anitzeko ekitaldirik handienetako batean parte hartuko duten 34 agente dira
  • Ikurrinaren koloreak dituen eta “Ertzaintza” eta “Euskadi – Basque Country” jartzen duen ekipamendua jantziko dute
  • 30 herrialdetako beste 3.000 pertsonarekin batera parte hartuko dute atletismoan, arte martzialetan, igeriketan, tiroan, padelean, arraunean, boxeoan, txirrindularitzan eta powerlifting eta crossfit diziplinetan

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak lagunduta, irailaren 29tik urriaren 7ra bitartean Torreviejan egingo diren “European Police & Fire Games jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzako 34 agente hartu ditu.

Ertzaintzaren Iurretako instalazioetan egin den topaketan Ertzaintzako beste hainbat agintarik ere parte hartu dute. Instalazio horietan diziplina nagusietako kirol-instalazioak daude agenteek euren entrenamenduak egiteko.

Aurtengo Ertzaintzako taldea 8 emakumek eta 26 gizonek osatzen dute, eta atletismoko, arte martzialetako (taekwondo eta jiu jitsu modalitateetan), igeriketako, arrauneko, tiroko, padeleko, txirrindularitzako, boxeoko eta crossfit eta powerlifting diziplinetako probetan lehiatuko dira. Ertzaintzako taldea osatzen duten kide guztiak federatuta daude eta esperientzia luzea dute euren espezialitateetan.

Hogeita hamar herrialdetako baino gehiagotako beste 3.000 pertsonarekin batera lehiatuko dira Eusko Jaurlaritzak emandako ekipamenduarekin. Ikurrinaren koloreak dituen ekipamenduan “Ertzaintza” eta “Euskadi-Basque Country” jartzen du.

Ertzaintzak esperientzia handia du era honetako nazioarteko kirol-norgehiagoketetan. Zehazki, 1997an hasi zen polizien eta suteak itzaltzeko zerbitzuen Europako joko horietan parte hartzen, eta joan den ekainean Winnipeg hirian, Kanadan, egin ziren azken “World Police and Fire Games” jokoak kontuan hartuta, guztira 271 domina lortu ditu.

Esker ona eta aitorpena

Harrera-ekitaldian, Josu Erkorekak eskerrak eman dizkie Euskadiren eta Ertzaintzaren irudia eta balioak nazioartean hedatzen laguntzeagatik; izan ere, Torreviejan izango diren 34 agenteak borondatez eta euren denbora librean joango dira. Era berean, aitortu du jokoak Ertzaintzako gainerako agenteek kirola sarri egiteko pizgarria ere badirela eta, horrekin, agenteen gaikuntza, sasoia eta osasuna hobetzen direla.

Alde horretatik, Erkorekak azpimarratu du ertzainek nazioarteko lehiaketetan parte hartzea kirol-erronka ez ezik, Ertzaintzako kide izatearen sentimendua indartzeko aukera ere badela, bai eta beste kultura eta erkidego batzuekin adiskidetasun-harremanak ezartzeko eta esperientziak partekatzeko aukera ere, eta, era horretara, Ertzaintzaren irudi ona zabaltzen eta sustatzen da jardunbide profesionalaren alderdi guztietan.

2.000 euroko laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 20.000 eurora arteko laguntza onartu du 2023rako Europako eta nazioarteko joko horietan parte hartuko duten ertzainen gastuen zati bat ordaintzen laguntzeko.

Lehiaketa horiek mundu osoko polizia-agenteen eta suhiltzaileen artean esperientziak trukatzea ahalbidetzen dute, eta Eusko Jaurlaritzaren helburua da, beraz, Ertzaintzako agenteek segurtasun-zerbitzu publikoen artean adiskidetasuna sustatzeko topaketa horietan parte hartzea bultzatzea.

Erakundeen babes horrekin forma fisiko eta profesional onean egotea ere sustatu nahi da.

Informazio gehigarria