- euskadi.eus webgunean eman daiteke alta Euskadiko Onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan
- Ziurtagiria lortzeko probak etengabe egin daitezke KZgunea sareko zentroetan
Irailaren 9etik aurrera, nahitaezkoa izango da establezimendu publikoetako eta ikuskizunen eta jolas-jardueren lokaletako (izan daitezke joko-aretoak, kontzertu-aretoak, museoak, zinema-aretoak, kirol guneak, diskotekak, etab.) sarrerak zaintzen eta kontrolatzen aritzen diren pertsonak Euskadiko onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan alta emanda egotea.
Erregistroan alta eman ahal izateko, interesa duten pertsonek jarduera hori egiteko gaikuntza profesionala lortu behar dute, Eusko Jaurlaritzak emandakoa edo Estatuko edo Europar Batasuneko beste organismo publiko eskudun batek emandakoa, 2022ko abuztuaren 16ko ebazpenean, Joko eta Ikuskizunen zuzendariarenean ezarritakoari jarraituz.
Probak
Gaikuntza profesional hori lortzeko interesa dutenek euskadi.eus webgunean sartu beharko dute Erregistroan alta emateko eskaera egiteko. Izena emateko prozesuan, test erako proba egiteko KZgunea sareko zentroa, eguna eta ordua aukeratu ahal izango dituzte, erabilgarritasunaren arabera. Prozesu telematiko hori izango da gaikuntza lortzeko baliabide aitortu bakarra.
Gaikuntza hori lortzeko erraztasunak emateko, Eusko Jaurlaritzak proba prestatzeko materiala eta akreditazio-azterketarako galde-sorta biltzen dituen dokumentu bat prestatu du. Proba gainditzen dutenek, alta eman ahal izango dute Euskadiko onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan.