Jokin Bildarratz sailburua Nicolas Schmit Europako Enplegu komisarioarekin bildu da Bruselan

2023-02-06

  • Bi agintariek gogoeta partekatu dute gaitasun profesionalak indartzera eta talentua sustatzera bideratutako Europako ekimenen inguruan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera izan du gaur arratsaldean Bruselan Europako Enplegu eta Gizarte Eskubideetako komisario Nicolas Schmitekin. Sailburuarekin batera, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalo eta Euskadik Europar Batasunean duen ordezkari Marta Marin ere izan dira bileran parte hartzen.

Bi agintariek urte erdi inguruko tartean egiten duten hirugarren bilera izan da, Lanbide Heziketaren inguruko Europako politikak aztertzeko. Aurreko elkarraldiak iazko ekainaren amaieran izan ziren, Bruselan, eta azaroan Donostian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Europako Batzordeak elkarrekin antolatu zuten Lanbide Heziketaren Bikaintasunari buruzko Nazioarteko Foroa zela eta.

Gaitasunen Europako Urtea 2023

Gaurko bilera Schmit komisarioak eskatuta egin da, Europako Batzordeak Lanbide Heziketaren esparruan bultzatzen dituen politikei buruz hausnarketa partekatua egiteko eta, zehatzago, konpetentzia eta gaitasun profesionalak indartzera eta Europako eskualdeetan talentua prestatu, atxiki eta erakartzera bideratutako ekimenei buruz jarduteko helburuarekin.

Europako erakundeek Gaitasunen Europako Urtea izendatu dute 2023. Urte honi lotutako jarduera eta ekimenen barruan, Europako Batzordeak talentua bultzatzeko mekanismoak jarri ditu abian, EBko eskualdeei talentua prestatzen, atxikitzen eta erakartzen laguntzeko. Schmit komisario europarrak Euskadirekin kontrastatu nahi izan ditu ekimen horiek, eta bertatik bertara jakin nahi izan du nola jorratzen duen euskal Lanbide Heziketak talentuaren bultzada eta gaitasunen sustapena.

Bileran, bestetik, Lanbide Heziketako euskal ikastetxeek Euskadiko ETE eta mikro-enpresa txiki eta ertainekin duten koordinazioa eta harreman estua ere aztertu da. Zehazki, enpresa horiei zuzendurik produktuetan, ekoizpen prozesuetan zein zerbitzuetan garatzen diren berrikuntza aplikatuko proiektuak burutzeko elkarlanaz aritu dira. Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko harreman eta lankidetza hori elkarlaneko ingurune estrategikoen bidez gertatzen da. Ingurune horietan, Lanbide Heziketako ikastetxeek eta enpresek hartzen dute parte, Tkgune izeneko sarean, Hezkuntza Sailak bultzatutako Berrikuntza eta Transferentzia Teknologikoko Sarean, hain zuzen ere.

2013-2014 ikasturtean hasi zen Tkguneren ibilbidea. Lanbide Heziketako ikastetxeek osatzen dute sare hau, ikastetxeen eta enpresen arteko ezagutzaren bi norabideko transferentzia errazteko xedez. Ekimen honen helburua da berrikuntza aplikatuko proiektuak garatzea enpresekin (ETEak eta mikroETEak), irakasleen eguneratze zientifiko-teknologikoko beharrei erantzuteko eta, aldi berean, berrikuntza sustatzeko, bai enpresa txiki eta ertainetan, bai Lanbide Heziketako ikastetxeetan. Prozesu horretan sortutako ezagutza sarean parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleengana ere iristen da.

Ia hamarkada bateko ibilbidearen ondoren, Tkgune Sarean 4.400 enpresa baino gehiagok parte hartu dute dagoeneko (% 98,3 ETEak dira, 40 langilerekin batez beste) eta 1.400 berrikuntza-proiektu baino gehiago egin dira. Gaur egun, Lanbide Heziketako 46 ikastetxek parte hartzen dute sarean, 312 irakasle baino gehiago tartean direla.

Tkgunek sei arlo teknologikotan garatzen ditu berrikuntza aplikatuko proiektuak:

  • Mugikortasuna
  • Energia eta Ingurumena
  • Digitalizazioa eta Konektibitatea
  • 0 Industria eta Fabrikazio Aurreratua
  • Bioteknologia, Kimika eta Osasuna
  • E-Comerce, Ostalaritza eta Turismoa

Europako Lanbide Heziketa eraldatzeko estrategia berriak

Euskal ordezkaritzaren Bruselako agendak bihar jarraituko du Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, Rikardo Lamadrid Teknologia eta Ikaskuntzako zuzendariak eta Nikolas Sagarzazu Plangintza eta Antolaketako zuzendariak  Manuela Geleng Europako Batzordeko Enplegu eta konpetentzien zuzendari nagusiarekin egingo duten bilerarekin.

Biharko bilera berri hau, laugarren industria-iraultzaren garapen osoarekin gertatuko diren aldaketei erantzun eta aurrea hartu ahal izateko Eusko Jaurlaritza Lanbide Heziketan burutzen ari den eraldaketaren ingurukoa izango da. Horretarako, Lanbide Heziketako VI. Euskal Planean jasotako politikak sustatzeko bideak aztertuko dira, Lanbide Heziketako egungo eta etorkizuneko Europako politiken testuingurura transferitzen hasteko.