Iktus-kasuak goiz detektatzearen eta azkar jardutearen garrantzia azpimarratu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak

Argitalpen-data: 

 

  • Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen lehen heriotza-arrazoia, desgaitasunaren arrazoi nagusia eta dementziaren bigarren arrazoia da

 

  • Euskadin 5.000 iktus-kasu inguru gertatzen dira urtean Iktusa duten pertsonen % 55 sendatu egiten dira edo afekzio txikiekin geratzen dira

 

  • Iktus-kasuen % 80 baino gehiago saihestu egin daitezke, eta intzidentzia eraginkortasunez murriztu daiteke prebentzioaren eta bizi-ohitura osasungarriak eta ariketa sustatzearen bidez

 

Datorren urriaren 29an, igandea, Iktusaren Munduko Eguna izango da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute oso garrantzitsua dela iktusaren sintomak goiz detektatzea eta azkar jardutea heriotzen kopurua eta, bizirik atera direnen kasuan, garuneko erasana murrizteko.

Iktusa bat-batean agertzen da, eta garuneko funtzioen galera eragiten du alterazio baskular baten ondorioz. Horrek hainbat desgaitasun-maila eragiten ditu, eta ondorio sozial larriak ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen lehen heriotza-arrazoia, desgaitasunaren arrazoi nagusia eta dementziaren bigarren arrazoia da.

Euskadin 5.000 iktus-kasu inguru gertatzen dira urtean. Iktusa duten pertsonen % 55 sendatu egiten dira edo afekzio txikiekin geratzen dira, % 30 desgaitasun-ondorioekin geratzen dira eta % 15 hil egiten dira. Kasu horietan, 100.000 biztanleko heriotza-tasa 43,2koa da.

Kontzientziazioa eta sintomen identifikazioa

Biztanleen % 25ek iktusa izango dutela kontuan hartuta, ezinbestekoa da kontzientziatzea eta sintomak ezagutaraztea, herritarrek iktusaren seinaleak identifikatzen jakin dezaten eta berehala jardun ahal izan dezaten. Bizkor jardutea funtsezko faktorea da bizirauteko eta ondorioak murrizteko.

Bat-batean honako sintoma hauetakoren bat agertzen bada, lehenbailehen 112 zenbakira deitzea gomendatzen da:

  • Indarraren galera besoan, hankan eta/edo aurpegian
  • Ikusmenaren galera (erabatekoa edo partziala) edota ikusmen bikoitza
  • Hitz egiteko ahalmenaren galera edo hitz egiteko zailtasuna
  • Ezegonkortasuna edo desoreka, eta ibiltzeko ezintasuna
  • Oso buruko min handia
  • Inurriduraren edo sorgortzearen sentsazioa aurpegian, besoan eta/edo hankan (gorputzaren alde batean)

 

Bestalde, gogorarazi beharra dago iktusen % 80 baino gehiago saihestu egin daitezkeela eta intzidentzia eraginkortasunez murriztu daitekeela prebentzioaren, bizi-ohitura osasungarriak eta ariketa sustatzearen eta arrisku baskularraren faktoreak kontrolatzearen bidez.

 

Iktusa agertzeko arrisku-faktorerik garrantzitsuena hipertentsioa da, eta, haren atzetik, diabetesa, hiperkolesterolemia eta fibrilazio aurikularra. Badira iktusa eragin dezaketen beste faktore batzuk, hala nola tabakismoa, egoneko bizitza, dieta ez-osasungarria, muturreko obesitatea, alkoholismoa, drogen kontsumoa eta estresa. Faktore horiek, nolanahi ere, aldatu edo kontrolatu egin daitezke. Kalkuluen arabera, bizi-ohitura osasungarriei lotutako neurriak hartzen ez badira, datozen 10 urteetan iktusak eragindako heriotzen kopurua % 45 handiagoa izango da Europan, eta ikutsa izan ondoren desgaitasunarekin geratu direnen kopurua, berriz, % 25 handiagoa.

 

Iktusa duten Pazienteen Arreta Plana

Iktusa duten pazienteen arreta indartzeko eta hobetzeko, Osasun Saila eta Osakidetza Iktusa duten Pazienteen Euskadiko Arreta Plana lantzen ari dira. Plan horren helburuetako bat da osasun-sistemako baliabideak azkar integratzeko eta koordinatzeko aukera emango duten jarduketa-jarraibideak zehaztea, gaixotasun hori duten pertsonei ematen zaien erantzuna eta arreta hobetzeko.

 

Informazio gehiago eta bideo didaktikoak Osakidetzaren webgunean: https://www.osakidetza.euskadi.eus/ictus /ab84-oescvcon/es/

Informazio gehigarria