Hezkuntza Sailak 5,2 milioi euro bideratuko ditu Lanbide Heziketan 25 gela digital interaktibo sortzeko (Gobernu Bilera 2023-12-19)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 5.250.000 euroko gastua baimendu du gaurko bileran, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetarako 25 gela interaktibo hornitu, entregatu, instalatu eta abian jartzeko. Hezkuntza Sailak Euskadiko Lanbide Heziketako 17 ikastetxe integratutan sortuko ditu 25 gela interaktibo berri hauek.

Ikasgela interaktiboa ikaskuntza aktibo kolaboratiboaren ereduan sakontzeko aukera ematen duen espazio digital eta adimenduna da –Euskadiko Lanbide Heziketan duela hamar urte hasi zena, ETHAZI zikloen bidez (etekin handiko zikloak) –, baina kasu honetan, ingurune erabat digitalerako urratsa egiten du, Lanbide Heziketan burutzen ari den eraldaketa digital sakonaren ildotik.

Teknologia digital eta interaktibo berriek talde-lana dinamizatzeko ahalmen handia dute, eta, beraz, Lanbide Heziketako ikasgelak komunikazio-modu eta teknologia horietara egokitzeak biderkatu egiten du potentzial hori prestakuntza-prozesurako baliatzeko aukera.

Gela adimendun digital interaktiboa

Beraz, ikasgela digital interaktiboa definitzen duten elementu bereizgarrien artean, nabarmendu beharrekoak dira: erronkak ikaskuntza-tresna gisa erabiltzea, talde-lana eta espazio malguak, ikasgelak hornitzeko beharrezkoa den ekipamendu digitalaz gain.

  • Gelako espazioak zein bertako gailuek ikasleak talde-lanean aritzea erraztu behar dute, baita gelako ikasle guztien arteko talde handi bat osatuz ere. Horretarako, gailu digital guztien disposizioak ere dinamikoa behar du izan, ikasgelan garatu beharreko dinamikara egokitzeko.
  • Gailuak, mahai digital interaktibo handiak dira batez ere, non ikasle talde bakoitzak elkarlanean aritzeko aukera izango duen. Gela interaktibo batek, halaber, hormek elkarlanerako eskaintzen duten aukera baliatzen du, gelako lau hormei interaktibitatea emanez eta horiek gailu digital erraldoi bihurtuz.
  • Lan taldeen arteko elkarlana sustatzea helburu, gailuen arteko konektibitatea izango da funtzionalitate nagusietako bat. Bai mahai digitalen artean, zein mahai eta hormen artean ere ikasleek landutako edukiak partekatzeko aukera eskaintzen da.
  • Baina elkarlana ez da horretan soilik geratzen eta sistema ikuspegian sakonduz, gela desberdinen arteko (ikastetxe berean egon edo ikastetxe desberdinetan) konektagarritasuna eta interaktibotasuna ere bermatzen du.

Informazio-truke aberasgarri honekin, ikaskuntza aktibo kolaboratiboaren aukeretan are gehiago sakontzea ahalbidetzen du.

  • Hormen interaktibotasuna probestuz 360º-tako esperientzia inmersiboa ere eskeiniko da ikasleei informazio zein prozesuak helarazteko modu gisa.

Gela adimendun digital interaktibo bakoitzak honako gailu hauek izango ditu:

  • 5 mahai digital interaktibo (laupabost ikasleek bertan lan egiteko tamainakoak, gutxienez 55”).
  • Mahaietarako oinarri mugikorrak gelaren disposizioaren malgutasuna bermatzeko, bai mahaien altueran zein gelako kokapenean.
  • 4 hormetarako proiekzio arruntak eta 360º proiekzioak ahalbidetuko dituzten proiektagailuak.
  • 4 paretetako sensorifikazioarako laser bidezko gailuak.
  • Kalitatezko soinu, audio eta bideo sistemak.
  • Gelako baliabideen kudeaketarako gailu mugikor bat.

Informazio gehigarria