Gobernu Kontseiluak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, dekretu berri bat onetsi du gaur; haren helburua da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoko zerbitzuak hitzartzeko araubide orokorra eta bateratua arautzea.
Zehazki, zentroetan plazak ekimen pribatuko entitateekin hitzartzea arautuko du dekretu horrek.
Gizarte Zerbitzuen Legean aurreikusten denez, itun-araubidea, zuzeneko kudeaketarekin, administrazio publikoen kontratazio-araudiaren esparruko zeharkako kudeaketarekin eta irabazi-asmorik gabeko entitateekiko hitzarmenekin batera, administrazio publikoek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoko zerbitzuen prestazioa antolatzeko duten formuletako bat da.
Kontratazio Publikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24 EB Zuzentarauak eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak, zeinak transposizioa egiten baitu, askatasuna ematen diete estatu kide bakoitzari gizarte-zerbitzuen prestazioa eta interes orokorreko beste zerbitzu pertsonal batzuk antolatzeko, kontratu publikorik egin gabe, betiere gardentasuneko eta diskriminaziorik ezeko printzipioak betetzen badira.
Itun-araubideari soziala dela esaten zaio, gizartean esku hartzeko eremuari egiten baitio erreferentzia: gizarte-zerbitzuak, enplegura jotzeko sustapena eta gizarte- eta osasun-espazioko, gizarte- eta lan-espazioko, gizarte- eta hezkuntza-espazioko eta gizarte- eta auzibide-espazioko esku-hartzeak, besteak beste. Eta deialdi publikoaren prozedura batean oinarrituta antolatzen da; prozedura horren ondorioz, plazak hitzartu behar dira sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eskabideak egin dituzten entitate guztiekin. Prozedura eta, zehazki, sartzeko eskakizunak Gizarte Zerbitzuen Legearen 7., 8. eta 9. artikuluek ezartzen dituzten printzipio eta Erkidegoko arreta-ereduarekin lotuta daude. Eta itun baten iraupena 8 urtera artekoa izan daiteke.
Beraz, tresna koherentea da Erkidegoko ereduarekin eta gizarte-zerbitzuetarako kalitateko Europako esparru boluntarioarekin eta interes orokorreko beste zerbitzu pertsonal batzuekin, zeinek unibertsaltasuneko, elkartasuneko, aurrekontu-eraginkortasuneko eta egokitasuneko printzipioen jakitun egon behar baitute.
Eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman ekimen pribatuaren parte-hartzea egonkortasunez eta egokitasun-printzipioan (kalitatea) oinarrituta antolatzeko bide egoki bat da, 5. artikuluan ezartzen denaren arabera, zeinak definitzen baitu prestazioek, ekipamenduek eta titulartasun publikoko eta pribatu itunduko zerbitzuek integratzen duten erantzukizun publikoko sistema dela, gizarte-ekimenaren (hirugarren sektore soziala) eta, eremu batzuetan, enpresen iraganeko, egungo eta etorkizuneko ekarpenaren kontzientziatik.