Garraio Sailak ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako Navilens gidatze-sistema ezarri du Gasteizko tranbian

Argitalpen-data: 

Gaurtik aurrera, Gasteizko tranbiaren geltoki guztiek ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako Navilens gidatze-sistema dute. Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Bilboko metroaren 3. lineak, Txorierriko lineak edo Bilboko tranbiak berak duten sistema ezarri du Arabako hiriburuko tranbian.

Soluzio hori seinaletika berri batean oinarritzen da, ddTag izeneko kodeak dira, QR kodeen antzekoak. Etiketak kamera eta Interneterako konexioa duen edozein gailu mugikorren bidez harrapatzen dira. Sistema horren potentzialtasunak seinaleak urrunetik eta edozein argiztapen-baldintzarekin eta irakurketa-angelurekin irakur daitezkeela dira.

Ikusmen-desgaitasuna duten erabiltzaileek kode horiek erabil ditzakete, ez baitute zehatz-mehatz jakin behar non dauden. Etiketa bakoitzetik lortutako informazioa ahots bidez irakurtzen da, era guztietako informazioa eduki ahal izateaz gain, eta guztiz irisgarria da. Informazio hori 34 hizkuntzatan dago eskuragarri, euskera barne, hizkuntza-oztopo guztiak hautsiz.

Euskal Trenbide Sareak 32.870 euroko inbertsioa egin du eta sei (6) hilabete behar izan dira Vitoria-Gasteizko Tranbiaren 23 geltokietan gidatze-sistema instalatzeko. Ondoren, Salburuako adarreko bost geltokietan ere instalatuko da zerbitzua.

2021eko lehen hilabeteetan proba pilotu bat egin zen Bilboko Metroaren Alde Zaharreko geltokian, eta ONCEren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Ordezkaritzaren oniritzia jaso zuen. Txostenean, ONCEk adierazi zuenez “teknologian oinarritutako gidatzeari buruzko informazio-tresna bikaina da, baina ibilbide horietan itsuen autonomiarako eraginkorrak eta beharrezkoak direla frogatu duten eta hain teknologia maila altua ez duten beste bitarteko batzuekin batera eman beharko da”.

Ekimen hau probatu nahi duten pertsona guztiek, lehenik eta behin, doan deskargatu beharko dute NaviLens aplikazioa. Behin gailu mugikorrean instalatuta eta aplikazioa irekita, erabiltzaileak mugikorraren kamerarekin eskaneatu besterik ez du egin behar, eta testuinguruaren arabera beharrezko informazioa lortuko du. Navilens kodeak erabiltzailea mugimenduan dagoen bitartean eta fokatzeko beharrik gabe atzeman daitezke, eta hori ezinbestekoa da ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat. Aplikazioa IOSerako eta Androiderako dago eskuragarri.

Euskarazko informazioa lortzeko beste modu batean lor daiteke. Horretarako, AhoTTS aplikazioa (Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Aholab ikerketa-taldeak garatutako testua ahotsera bihurtzeko sistema edo Text-to-Speech) deskargatu behar da. Momentuz, androiderako bakarrik dago eskuragarri.

Era berean, azpimarratu behar da tranbiaren geltokietan jarritako Navilens kodeek, igarotze-denborei buruzko informazioa duten QR kodeak dituztela. Funtzionalitate hori desgaitasunik gabeko pertsonei zuzenduta dago, kode horiek kamera bidez bideratu behar baitira, lehen azaldutakoak ez bezala. Kode horiek hartu ondoren, Navilens GO aplikazioa irekiko da eta hurrengo tranbien igarotze-denborei buruzko informazioa denbora errealean erakutsiko da.

Sistema horri esker, erabiltzaileek erlazio errazagoa eta irisgarriagoa izan dezakete beren ingurunearekin metroaren edo tranbiaren geltokietan. Azken helburua, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonak modu independente eta autonomoan moldatu ahal izatea da.