G(h)aurki: Herrietan haurren parte hartzea sustatzeko ez ezik, helduon formakuntzarako tresna

"Herrietan haurren parte hartze kanal iraunkorrak sortzeko tresna" transferitzeko produktuari eta hura garatu bitartean ikasitakoari buruzko Oinherriren artikulua.

Oinherri taldeak idatzia.

   

Oinherri, Euskal Herriko Herri Hezitzaileak sustatzeko elkartea da. Parte hartzea da herri hezitzaile bat eraiki eta sustatzeko daukagun tresnarik garrantzitsuena. Gure herriko haur eta nerabeak parte hartzean heztea alegia.

Zer da parte hartzea? Nola parte hartzen dute haurrek? Zertarako nahi dugu haurrak parte hartzean heztea? Haurtzaroaren kulturako ezaugarriak kontuan izango dituen parte hartzeko kultura berri bat nolakoa izango litzateke?
Galdera horiei tiraka, haurren parte hartze kanal iraunkorrak sortzeko esperimentazio prozesuak garatu ditugu lau herritan (Oiartzunen, Hernanin, Itziarren eta Seguran). Lau herriotan, herri hezitzailearen hiru esparruetako ordezkaritza biltzen duten lan taldeak osatu ditugu: udal ordezkari tekniko zein politikoak, hezkuntza formala eta ez-formaleko eragileak eta herrigintzakoak.

Esperimentazio prozesu hauetan, elkarrekin, herriko haurren parte hartzea mapatu dugu, herriko askotariko haurtzaroak identifikatu, haurrekin parte hartzea sustatzerakoan erabili beharreko metodologia zehaztu eta behaketaren garrantzia azpimarratu ditugu. Ikasitako guztiarekin, transferentzia produktu bat sortu dugu, edozein herritan erabili ahalko den tresna digital bat sortuz: G(H)AURKI.

Transferentzia ariketa interesgarria izan da oso. Esperimentazio prozesuko ikasketak ordenatu, lehenetsi eta kontrastatzean oinarritu da batez ere. Oinherri osatzen duten eragileekin gaia lantzeko lan talde iraunkor bat osatu dugu eta bertan, esperimentazio prozesutik ateratako ikasketei forma eman diegu. Edozein tokitan erreplikagarria izango zen transferentzia tresna bat osatu nahi izan dugu baina, aldi berean, tokiko testuingurura egokitzeko gai izango dena.

Hasieratik argi geneukan ez genuela nahi ohiko parte hartze gida bat sortzea. Tresna moldagarri bat nahi genuen, ikaskuntza berrietara egokitzeko aukera emango ziguna. Horregatik, tresna digitalen artean egun dauden aukerak aztertzeari ekin genion. Talaios kooperatibakoen laguntzarekin moodle formatua aukeratu genuen, gure edukia sekuentzia metodologiko gisa ordenatzeko egokiena zelako eta nahi bestetan editatzeko aukera ematen digulako. Modu honetan, eboluzio etengabean dagoen tresna bat sortu dugu.

Herrietan haurren parte hartze kanal iraunkorrak diseinatu ahal izateko ikastaro digital bat da, beraz, G(H)AURKI. Modu kolektiboan garatu beharreko ibilbide metodologiko bat. Helduontzako parte hartzearen inguruko formakuntza bat. Praktika eta teoria uztartuz, parte hartzearen inguruan diskurtso amankomun bat osatu eta herriko haurren parte hartzea sustatzen hasteko aukera ematen duena.

G(H)AURKI sortzeko prozesuan ahots askok eta oso anitzek parte hartu dute: hezitzaileak, politikariak, teknikariak, irakasleak… bakoitzak bere neurri eta jakintzatik, ezinbesteko ekarpena egin dio tresnari. Ikasi dugu, esperimentatzea ez dela batere erraza: egin nahi dugunaren eta ahal dugunaren arteko oreka bilatzea zaila izaten baita. Hankak lurrean izanda amestea bezala izan da, baina, amestea finean. Amestea, gure herriko haurrak parte hartzean hezteak, herritartasun eredu berri batean hezteko aukera emango digula eta haurtzaroaren ezaugarrietara egokituko den parte hartzeak, bestelako ahots eta gorputz batzuen protagonismoa sustatuko duela. Guzti hau, denontzako bizigarriagoak izango diren herriak sortzeko gako izango delakoan ziur gaudelako, G(H)AURKI tresna probatzera animatzen zaituztegu Euskal Herri hezitzaileago eta parte hartzaileago bat elkarrekin eraikitzeko.