Eusko Jaurlaritzak ez du onartu garatu gabeko lurzoru urbanizagarria jatorrizko egoerara itzultzea (Gobernu Bilera 2023-3-28)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak nahikoa tresna ditu ekimen publikoa bermatzeko, hiri-plangintza planifikatu, kudeatu eta gauzatzeko duen gaitasuna baliatuz. Horregatik, Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, EH Bilduren legebiltzar taldeak garatu gabeko lurzoru urbanizagarria aurreko egoerara (lurzoru urbanizaezinera) itzultzeko egindako lege proposamena aintzat hartzearen aurkako iritzia azaldu du. Legeak azpimarratzen duenez, hirigintza funtzio publikoa da eta botere publikoei dagokie hiri trazadura egitea, interes publikoaren eskakizunak kontuan hartuta. 

Legeak ezartzen du udalek berariaz aukeratu behar dutela egikaritze publikoko (lankidetza edo desjabetzea) edo egikaritze pribatuko jarduketa sistemetako bat, administrazio-emakida bidez (eragile urbanizatzailearen sistema edo hitzarmen sistema). Lege proposamena ikusita, Gobernu Kontseiluak uste du udalek hainbat aukera dituztela beren hiri plangintzak garatzeko, lurzoru urbanizagarriari dagokionez. Partzela edo orubea desjabetzeaz gain -EH Bilduren proposamenak horretan egiten du azpimarra lege aldaketaren beharra justifikatzeko-, botere publikoek nahitaezko salmenta egin dezakete, edo plangintza egikaritu, eraikuntza programa bat eragile sustatzaile bati esleituz, bai eta hitzarmen-sistema ere. 

Azken kasu horretan, Legeak berak ezartzen du hitzarmen batzarra eratzeko behar diren jabeek, gehienez ere sei hilabeteko epean, ituntze hitzarmenaren proposamena aurkeztu behar dutela udalean. Epe hori betetzen ez bada, jarduketa sistema pribatua agente urbanizatzailea hautatzeko lehiaketa sistemara aldatuko da. 

Plangintzaren indarraldia amaitu bada, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legeak ezartzen du berrikusi egin behar dela, lurralde eredu berri bat ezartzeko aukera ematen duen prozedura batekin, publizitatea eta parte-hartzea bermatuz.

 

Informazio gehigarria