Eusko Jaurlaritzak eta LaLiga erakundeak Euskadiko futbol-estadioetan droneak inhibitzeko sistemak jartzeko, erabiltzeko eta kontrolatzeko hitzarmena formalizatu dute (Gobernu Bilera 2023-4-18)

Argitalpen-data: 


      Convenio_Ertzaintza_La_Liga.jpg
  • Ertzaintzak zuzendu eta gainbegiratuko ditu tripulatu gabeko aireontziak detektatu eta neutralizatzeko sistema horiek bai kirol-instalazioen barruan bai inguruan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran erabaki du Segurtasun Sailak eta Futbol Profesionalaren Ligak (LaLiga) lankidetza-hitzarmena sinatzea Euskadiko futbol-estadioen barruan eta inguruan tripulatu gabeko aireontziek asmo txarrez edo zuhurtziarik gabe hegan egitea eragozteko.

Hitzarmenaren oinarrian dago bi erakundeek duten interesa jende asko elkartzen duten lehenengo eta bigarren mailako futbol profesionalaren lehiaketa ofizialetan ordena eta segurtasun publikoa mantentzeko. Alde horretatik, bai Eusko Jaurlaritza bai LaLiga ondo asko jabetzen dira drone horiek segurtasun publikoarentzat duten benetako arriskuaz, eta uste izan dute, beraz, beharrezkoa dela horiek detektatu eta inhibitzeko sistemak hedatzea.

Lau urtez indarrean egongo den hitzarmenari jarraituz, neutralizazio-sistemak LaLiga erakundearen segurtasun-ekipoek kokatu eta erabiliko dituzte, eta Ertzaintzak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratuta lan egingo dute, beti datu pertsonalak errespetatuz, eta datu horiek konfidentzialtzat hartuko dira eta ezingo dira laga ez hirugarrenei jakinarazi.

Hitzarmenaren esparruan ezarri da Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko dela, Ertzaintza buru dela, bi aldeek hartutako konpromisoak betetzen diren gainbegiratu eta baloratzeko, bai eta futbol-estadioen segurtasun-sistema integralean egin daitezkeen hobekuntzak identifikatzeko ere.

Informazio gehigarria