- 200 ikasle baino gehiagok egin dituzte ikastaroak euskaraz azken hiru urteetan
- UEFA B eta UEFA C ikastaroak hizkuntza gutxitu bakarrean eskaintzen dira Europa mailan: euskaraz
- Eusko Jaurlaritzak ikastaroetarako materialak egokitu ditu arloko teknikarien laguntzaz
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta Gipuzkoako Futbol Federazioa 2021ean hasi ziren elkarlanean 2021-2022 denboraldian futbol entrenatzaile izateko UEFA ikastaroak lehenengoz euskaraz eskaintzeko.
Eusko Jaurlaritzak 2021eko uztailean jarri zuen martxan Kirolean Euskara Sustatzeko Plana 2021-2024. Egitasmo honen oinarri nagusietako bat trebakuntza euskaraz sustatzea da, entrenatzaile eta teknikarien trebakuntza, besteak beste. Erreferente diren figura hauen eredugarritasuna oinarrizko baldintza da ondoren gazteen euskararen erabileran eragin nahi bada.
Planaren diagnostikoak agerian utzi zuen 8 eta 18 urte bitarteko gaztetxo eta gazte kirolarien artean futbola dela nagusi. Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren enkarguz Gipuzkoako futbol klubetan Aztikerrek 2019an egindako azterketak ere, adin tarte horretako gazteen hamarretik bost futbolean ari direla erakutsi zuen. Arlo honetan eragin beharra lehentasun bilakatuta, eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren euskara sustatzeko asmo irmoa bidelagun, 2021etik lankidetzan ari dira bi erakundeak.
Europa mailan entrenatzaile gisa aritzeko beharrezko baldintza diren UEFA B eta UEFA C tituluen ikastaroak euskaraz eskaintzea izan zen lehenengo urratsa. Horrela, 21-22 denboraldian, 53 ikaslerekin (8 emakumezkoak eta 45 gizonezkoak) abiatu zen UEFA C lehenengo aldiz. 22-23 eta 23-24 denboraldietan, 60 eta 85 entrenatzailek egin dute ikastaroa, hurrenez hurren. UEFA Bri dagokionez, goragoko maila izanik ikasketekin jarraitzen duten entrenatzaile kopurua urritzen bada ere, 28 ikaslek egin dute ikastaroa euskaraz bi urtetan.
Taldeak osatuta eta irakasleak gaituta, materialen egokitzapena bilakatu zen bigarren erronka. Kultura eta Hizkuntza Politika saila arduratu da egiteko horretaz. Materialaren berezitasunak, hizkera teknikoak, terminologiak... arloan adituak direnekin elkarlanean aritzea eragin du. Era berean, azpimarratzekoa da, materialen izaera dela eta, azken urtean ikus-entzunezko material berritzaileen egokitzapenak ere euskarara egokitu direla. Guztira 50 bideo ekoiztu dira 10 irakasle adituren azalpenekin.
Hemendik aurrera, asmoa Gipuzkoan abiatutako bidea beste federazioetara hedatzea ere bada.
Hizkuntza Estrategien Modulua
Kultura eta Hizkuntza Politika sailak kirol entrenatzaileei zuzendutako Hizkuntza Estrategien Modulua sortu zuen duela hiru urte. Besteak beste, Kirolenek edo Kirolaren Euskal Eskolak eskainitako teknikari ikastaroen gaitegiaren parte bilakatu da, funtsean, eguneroko entrenamenduetan euskara sustatzeko estrategiak, baliabideak eta gomendioak biltzen dituen modulua. Gipuzkoako Futbol Federazioaren kasuan, entrenatzaile-eskolako irakasleak gaitu ostean, UEFA B eta UEFA C ikastaroetako ikasleen lehen ikasgaia bilakatu da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren arteko lankidetza hau 2025-2026 denboraldiaren bukaerara arte dago indarrean.