Eusko Jaurlaritzak eta Balear Uharteetako, Valentziako, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako gobernuek hizkuntza-aniztasunaren aldeko lankidetza indartu dute ikus-entzunezko plataformetan

Argitalpen-data: 


      Protocol2803.jpeg

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren jarraipen batzordearen bileran parte hartu du gaur, Balear Uharteetako, Valentziako, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako gobernuetako arduradunekin batera Palman egin den bileran. 

Protokoloaren jarraipen-batzordeak erabaki du idazki bat bidaltzea ikus-entzunezko edukia duten plataforma nagusiei, adierazteko garrantzitsua dela produktu bikoiztuen edo azpitituluen eskaintza nahikoa egotea ordezkatzen dituzten lurraldeetako hizkuntza ofizialetan.

Batzordeko kideek ikus-entzunezkoen sektorearen garrantzia azpimarratu dute, eta arlo horretan azkenaldian egindako aurrerapenak aitortu dituzte. Gobernuek harremanak areagotuko dituzte bakoitzarekin, hizkuntza-aniztasunaren aldeko apustua indartzeko.

Era berean, RTVErekin izandako bileraren berri eman da, erakunde publikoak bere edukiak gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialetan eskaintzeko neurriak har ditzan, ikus-entzunezko komunikazioari buruzko Lege Orokorra betez, bereziki haurrei zuzendutako Clan kanalean.

Gaurko bileran, Protokoloko kideek adierazi dute kezkatuta daudela Interneteko bilatzaileek, batez ere Googlek, gaztelaniaz bestelako hizkuntza ofizialetan lortutako emaitzak baztertzen dituztelako. Gobernuek hizkuntza bakoitzerako eskuragarri dagoen informazioa trukatu dute, eta arazoa lehenbailehen konpontzea espero dutela adierazi dute, Interneteko hizkuntzen erabilerari zuzenean eragiten baitio.

Protokoloaren bileran interes komuneko beste gai batzuk jorratu dira, hala nola zinpeko itzultzaileak gaitzea edo katalana, galegoa eta euskara Erasmuseko ikasleentzako Online Linguistic Support Plataforman sartzea.

Era berean, Estatuaren hizkuntza-aniztasuna hizkuntza ofizial guztietan sustatzen lagunduko duten testuak batera argitaratzea erabaki da. Testu horiek herritar guztiei zuzenduta daude, eta, bereziki, hezkuntza-esparruari, curriculum berriari heltzeko baliabide gisa.

Informazio gehigarria