Eusko Jaurlaritzak eskualdeetako ESEPE-etarako 1.047 milloi €-ko dirulaguntzen zuzeneko kudeaketa eskatzen du

Confebaskekin eta haren hiru lurralde-erakundeekin (CEBEK, SEA eta ADEGI) lankidetzan egindako proposamena da

Ekonomia eta Ogasun Sailak, Confebaskekin eta haren hiru lurralde-erakundeekin (CEBEK, SEA eta ADEGIrekin) lankidetzan, beste urrats bat eman du Euskadi Next programan, ESKUALDEETAKO ESEPE-etarako euskal proposamena diseinatu baitu. Proposamen horretan jasotzen da euskal proiektu estrategikoak garatzeko oraindik egikaritu ez diren MRR dirulaguntzen 1.047 M €-ren zuzeneko kudeaketarako eskaera

MRR funtsen inplementazio-aldia 2026an amaitzen da, eta gobernantza-formula aldatzen ez bada, arrisku larria dago funts horiek osorik ez erabiltzeko eta, hala badagokio, Europara itzuli behar izateko.

Euskadik gobernantza-aukera hori proposatzen du, lurralde-lehentasunak ezarriz, Administrazio zentralari laguntza emanez enpresetarako eta produkzio-sarerako Europako funtsak bideratzeko, eta beste autonomia-erkidego batzuekin eta beste eragile publiko eta pribatu batzuekin balioetsitako eta partekatutako alternatiba da.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi duenez, "hori porrota litzateke, eta dimentsio historikoak dituen aukera galtzea". "Lankidetza eraginkorra bertute bihurtzeko unea da, eta horrek ondorio positiboak izango ditu euskal ehun ekonomikoan, Europako baliabide horien galerak gehien eragingo diona izango baita".

Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteak adierazi duenez, “kudeaketa ‘deszentralizatuagoa eta hurbilekoagoa’ izatea bide gehigarria izan daiteke Europako laguntza horiek erabat balia daitezen bultzatzeko, zenbatekoan eta helburu eraldatzailean historikoak baitira. Ezin dugu onartu ‘euro’ bakar bat galtzea autonomia-erkidegoen parte-hartze aktiboagoarekin konpon litekeen zerbaitengatik, aipatutako laguntzen esleipenean, kudeaketan eta banaketan parte hartzeari dagokionez”.

Eskaera hori Europako Batzordeak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako (SEEPerako) Espainiako gehigarria onartu eta bi hilabetera egin da. Horren bidez, Next Generation EU funtsetatik Espainiari esleitutako baliabide guztiak mobilizatu dira, eta transferentzia gehigarrien 10.000 M € baino gehiago aurreikusi dira (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 7.700 M € eta REPowerEU programaren 2.600 M € baino gehiago), 83.000 M € arte ere maileguetan. Horrela, Espainiako SEEPak 162.700 milioi euro inguru mobilizatu ahal izango ditu transferentzietan eta maileguetan 2021-2026 aldian.

Eraldatze-proiektu estrategikoetan dago esleitutako MRR funtsak euskal ehun sozial eta produktibora behin betiko iristeko oztopo nagusia. ESEPE izenekoek ez diete erantzuten euskal ehun sozial eta produktiboaren beharrei. Gaur egun, 12 ESEPE daude identifikatuta, eta aurrean dugun erronkaren garrantzia islatzen dute zifrek: eraldaketa-proiektu estrategiko horietarako dirulaguntzetan aurreikusitako 24.496,2 M €-etatik 18.141,63 M € daude oraindik banatzeko eta gauzatzeko datozen hiru urteetan.

Eusko Jaurlaritzak RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia erabiltzea proposatzen du, MRR funts europarrak lor ditzaketen proiektuak zehazteko palanka gisa. Oraindik banatu ez diren Estatuko PERTEen funtsen % 65 autonomia-erkidegoetara bideratzea proposatu du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 1.047,18 milioi euro kudea ditzake (banatu gabeko funtsen % 8,88); kopuru hori bere industriaren balio erantsi gordinak Estatu osoan duen pisuari dagokio.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoak aktiboki parte hartu nahi du Espainiako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren eranskinean jasotako Autonomia Erkidegoen Erresilientzia Funtsarekin lotutako maileguen kudeaketan, Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) bitartez. Funts horrek 20.000 milioi eurora arteko zuzkidura du, eta proiektu pribatuak, publikoak eta publiko-pribatuak finantzatzeko erabiliko da, honako eremu hauetan: etxebizitza sozial eta irisgarria eta hiri-berrikuntza; garraio iraunkorra; industriaren eta ETEen lehiakortasuna; ikerketa, garapena eta berrikuntza; turismo iraunkorra; uraren eta hondakinen zaintzaren eta kudeaketaren ekonomia; eta trantsizio energetikoa.