Eusko Jaurlaritzak erosketa eta kontratazio berdearen hirugarren programa ezarri du euskadin, garapen sozioekonomiko jasangarria bultzatzeko (Gobernu Bilera 2023-3-7)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, onartu egin du 2030erako Erosketa eta Kontratazio Berdearen hirugarren Programaren ezarpena ziurtatzeko ingurumen-klausulak txertatzeari buruzko jarraibidea. Programa hori Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak eta Ihobe sozietate publikoak prestatua da. 

Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 7an onartutako programa honen helburua da EAEko sektore publikoaren eta pribatuaren erosketa-potentziala modu bikainean eta merkatuarekin koordinatuta erabiltzea, garapen sozioekonomiko jasangarria lortzeko eta, aldi berean, Euskadiko ingurumenaren, enpresa-lehiakortasunaren eta pertsonen ongizatearen babesa maximizatzeko. 

Ildo horretatik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legearen artikuluek ezartzen dute erosketa eta kontratazio publiko berdearen helburua merkatuarekiko koordinazioa optimizatzea izango dela, merkatuak ekoberrikuntza txertatzen duela bermatzeko eta, era berean, administrazio publikoek baliabideak modu eraginkorragoan erabil ditzaten errazteko. 

Hirugarren programa horrek, beraz, 2008an arlo horretan hasitako lanari jarraipena ematen dio. Orduan, EAEko Administrazioaren eta bere sektore publikoaren kontratazioan gizarte- eta ingurumen-irizpideak eta beste politika publiko batzuk txertatu zituen Eusko Jaurlaritzak. 2011n onartu zen horrelako lehen programa (2011-2014), eta, horren ondoren, bigarren entrega bat egin zen (2015-2020). Horiek erraztu egin zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio osoan erosketa publiko berdea hedatzeko agertokia.