Gobernu Kontseiluak gaur onartu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 140.000 euroko urte anitzeko dirulaguntza zuzena emango dio Soziolinguistika Klusterra Elkarteari euskararen kale erabileraren datu-basearen aldagai berrietan sakondu eta datu basea hobetzeko. 70.000 euro aurten emango dizkio eta beste 70.000 euro datorren urtean. Proiektuak Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-ekarpena ere jasoko du.
Soziolinguistika Klusterra euskararen ikergune zientifikoa da eta besteak beste, bost urtean behin euskararen kaleko erabilera kuantifikatzen du. Orain arte zortzi edizio egin dira eta Soziolinguistika Klusterrak eskarmentu zientifiko handia lortu du datuak jasotzeko eta behar bezala antolatzeko orduan, bai datu horiek behar bezala irakurtzeko orduan, baita euskararen kale-erabileran eragiten duten bestelako aldagaiak identifikatzeko orduan ere. Datu horiek jaso, ustiatu eta eskaintzeko gaur egun duen datu-basea zaharkituta geratu da eta orain datu-base hori aztertu, gaur egungo beharrei erantzuteko aldagai berriak jorratu eta plataforma berria garatuko da.