Euskalmetek euskal meteorologiara hurbildu ditu Gaubeako Gobea Eskola Publikoko ikasleak

Argitalpen-data: 

  • Euskal Meteorologia Agentziak belaunaldi berriei meteorologia operatiboaren garrantzia helaraziz ospatu nahi izan du Meteorologiaren Mundu Eguna
  • Euskalmeten instalazioek ateak zabaldu dizkiete 10 urtetik 12 urtera bitarteko hogei bat gaztetxori

  • Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak, Meteorologiaren Mundu Eguna ospatzeko, ateak zabaltzeko eguna antolatu du, Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria buru dela. Jardunaldian Gaubeako Gobea Eskola Publikoko 10 urtetik 12 urtera bitarteko hogei bat ikaslek parte hartu dute. Euskalmeteko profesionalek adierazitako eskolako gaztetxoei azaldu diete meteorologiak eguneroko bizitzan duen garrantzia, bai eta iragarpenak nola prestatzen dituzten ere.

    Ekimen horren bidez Euskalmetek bat egin du Munduko Meteorologia Erakundeak aurtengo ediziorako proposatu duen leloarekin: “Eguraldiaren, klimaren eta uraren etorkizuna belaunaldiz belaunaldi”.

    Alde horretatik, Ituartek azpimarratu du egungo gizartean meteorologiak gero eta garrantzi handiagoa duela, eta Euskadiko geletan zientzia hori zabaltzearen alde agertu da. Bestalde, Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren abisu-sistemaren garrantzia ere azpimarratu du, larrialdiei aurre egiterakoan arriskuari aurrea hartzeko eta arriskua kudeatzeko funtsezko tresna den aldetik, eta “abisu horiek ez dira atalase meteorologikoen arabera konfiguratzen, baizik eta fenomeno jakin batek, kasua iritsita, gure gizartean, bai pertsonen segurtasunean bai ondasun materialak babestean, izan dezakeen eraginaren arabera” adierazi du.

    Azaldutakoaren adibide moduan, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak 2022an muturreko meteorologiako egoera ezberdinekin lotuta, aktibatutako abisu, alerta eta alarmak aipatu ditu, eta bereziki azpimarratu ditu batez ere uztailean eta urrian izandako bero-boladarekin lotutakoak: “Abisu-sistemak, batetik, basoko suteen arriskuak minimizatu zituen debekuak eta murrizketak ezarri izanaren bidez, eta, bestetik, euskal administrazioen babes zibileko sistemak behar bezala dimentsionatzen lagundu zuen”.

    Gogoratu behar da 2022an Euskadik 130 egun izan zituela abisu horiekin, 21 alerta laranjekin eta 3 alarma gorriekin, guztiak ere muturreko meteorologiarekin erlazionatutako arrazoi ezberdinengatik.